Aurrera begira, iragana ahaztu barik
31 urte pasatu dira Berriatua Ondarroatik desanexionatu zela; herritarrek jai giroan ospatu zuten gertakaria; baina desanexionatu aurretik ere, Berriatua herri bat zen, nortasun osoz.1983ko azaroaren 25a. Data ondo-ondo markatuta dago. Egun horretan, B...
31 urte pasatu dira Berriatua Ondarroatik desanexionatu zela; herritarrek jai giroan ospatu zuten gertakaria; baina desanexionatu aurretik ere, Berriatua herri bat zen, nortasun osoz.
1983ko azaroaren 25a. Data ondo-ondo markatuta dago. Egun horretan, Berriatua Ondarroatik desanexionatu zen. Baina Berriatuak betidanik herri izaera eduki duela nabarmentzen dute herritarrek. «Anexionatu aurretik ere herria zen Berriatua, eta herri nortasunaren sua ez da inoiz itzali herritarrengan».Bederatzi urte egin zituen Berriatuak Ondarroari lotuta, «derrigortuta», diote herritarrek. «Ondarroa eta Berriatua batzea goitik etorritako agindua izan zen; herritarrek ez zuten zerikusirik eduki», azaldu dute garai haiek bizi izan zituzten berriatuarrek.
Gobernadorearen agindua
Garai hartan Bilboko gobernadoreak agintzen zuen. Herritarrek desanexioaren eskaera egin zioten. «Erreferenduma egin eta bi bozka kenduta, beste guztiek desanexioaren alde egin zutela esan genion gobernadoreari». Gobernadoreak ez zuen desanexioaren alde egiteko asmorik erakusten, eta errealitate horren aurrean, abokatuarengana jo zuten berriatuarrek. Prozesua luzea eta gogorra izan zela diote. Baina desanexioa lortu zuten eguna «pozgarria eta handia» izan zela diote: «Herria askatu egin genuen».
Ospakizun hartako argazkiek sentimendu nahasiak eragiten dizkiete herritarrei. Izan ere, argazki horietan agertzen diren asko ez daude.
Desanexioaren borroka bizi ez zutenek, dena den, ondo-ondo dakite orduko borrokak zer suposatu zuen. Eta hain justu ere, desanexioaren alde borrokatu zuten herritarrei eskerrak ematen dizkiete. «Orduan egindako lanagatik, orain harro esan dezakegu berriatuarrak garela».
Gertakari hark ez ditu berriatuarren eta ondarrutarren arteko harremanak apurtu. «Ondarroa eta Berriatua ez dira beltza eta zuria, baina bai izate propioak dituzten herriak, eta, horrenbestez, hala garatzeko eskubidea daukate».
Aurrera begira, beti
Sentimendu horiek guztiak jasota, egun seinalatua gogoratzen jarraituko dute beti berriatuarrek. Baina ez dute ekintza berezirik egiten hori gogorarazteko. Izan ere, herritarrak, beti, aurrera begira bizi dira, atzekoa ahaztu barik.