Abadiñoko hilketen harira, elkarretaratzeak egingo dira eskualdean
Abadiñon herenegun hil zituzten bi emakumeren hilketa salatzeko, hainbat elkarretaratze egingo dira gaur eskualdeko herrietan.Eguaztenean bi emakumezko, ama-alabak, bortxa zantzu argiekin hilda agertu ziren Abadiñon, euren etxebizitzan. Arratsaldean ...
Eguaztenean bi emakumezko, ama-alabak, bortxa zantzu argiekin hilda agertu ziren Abadiñon, euren etxebizitzan. Arratsaldean alabaren senarra atxilotu zuten ertzainek, hilketaren egilea izatea leporatuta. Ertzaintzak azaldu zuenez, gizonak, bi emakumeak berak hil zituela aitortu zuen.
Lekeition, udalak eta Potxuak Martxaneko kideek deituta, hilketa matxistak salatzeko deia egin diete herritarrei; 19:00etan Eskolapean elkarretatzea egingo dute.
Ondarroan ere 19:00etan batzeko deia egin du udalak. Alamedan batzen diren herritarrek emakumeen aurkako indarkeriari ez esango diote.
Markina-Xemeinen, ostera, 20:30ean batzeko deia egin du udalak. Udaletxe aurrean egingo da elkarretaratzea Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! lelopean, herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egin diete. «Gure jendartean emakumezko izateagatik zapalduta egoten jarraitzen dugu. Arlo guztietan, azalekoa edo ez, oraindik ere menpekotasun egoera batean bizi gara. Emakumeen kontrako indarkeria jendartean errotutako indarkeria da».