Urtero batzen dituzte jostailuak herriko umeen artean banatzeko
Gehien behar dutenei laguntzeko asmoz, Kate Sarea elkarteak herriko umeentzako jostailuak eta jakiak batzeko kanpaina abiarazi du. Zapatuan, Izaro Bikers motozaleen laguntzarekin herriko puntu desberdinetan egingo dituzte geldialdiak horiek batzeko.
Joan den urtera arte Izaro Bikers elkartea arduratzen zen jostailu bilketa egiteaz, iaz, baina, lekukoa pasa zioten Kate Sarea elkartekoei. Egoera onean dauden jostailuez gain, umeentzako jakiak beharrezkoak dituztela azaldu du elkarteko presidente Mirenlur Santiagok: «nahiz eta Bizkaiko elikagaien bankutik hilero laguntzen diguten, biltegia momentu honetan hutsik daukagu. Batez ere, olioa, esnea, azukrea eta txokoloatea behar ditugu».
Aurten, bestalde, zapatuan kalerik kale bilketa egiteaz gain, bilketarako leku finko bat ere jarri dute, Ormaza lantegi zaharra, hain zuzen. Domekatik hasi eta hilaren 20ra bitartean, 11:00etatik 13:30eara izango dira, astelehena izan ezik.
Olentzeroren bisita
Kate Sarea elkartekoak, aurten, gainera, Olentzerorekin harremanetan jarri dira. Izan ere, badakite asko direla Bermeon, etxetik irten ezin diren herritarrak daudela, «disgaitasunen bat dutelako edota gaixorik daudelako», diote. Hortaz, horiek Olentzeroren bisita izan dezakete aurten etxean, ziurrenik, abenduaren 21ean. Horretarako, baina, interesa dutenek abenduaren 19a baino lehen eman beharko dute izena , «Luma liburudendan utzi dugu izena emateko orria».
Krisi ekonomikoaren ondorioz, muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei laguntzeko ekin zion bere bideari 2013. urteko otsailean Kate Sarea elkarteak. Orain arte, eta hainbat elkarrizketa pertsonal egin ostean, 400 pertsona baino gehiago lagundu dituztela jakinarazi du elkarteko presidenteak; «horietatik 100 baino gehiago dira hamabi urtetik behera dituztenak, eta kopuru hori goraka doa». Laguntza behar izan dutenen artean, bereziki, jakiak eta arropak banatu dituztela azaldu du Santiagok, hala ere, «beste beharrizan batzuei ere erantzuna eman diegu», dio.
Motoen ordutegia, bihar
09:00. Futbol zelaia.
09:30. Martin Deuna kalean.
10:00. Kurtzio kalean.
10:30. Ander Deuna kalean.
11:00. San Frantzisko herri ikastetxearen aurrean.
11:30. San Juan Portalen.
12:00. Lameran, Kasinoaren ondoan.
13:00. Lameran, bilketaren amaiera.