Sakabanaketa ozen salatuz
Sakabanaketaren barruak ezagutarazteko helburuagaz, Sare mugimenduko kideak gaiari buruzko informazioa daukan liburuxka ari dira banatzen herritarren artean.Zenbait hilabeteko hausnarketa prozesu baten ostean, ekainean euskal presoen, iheslarien eta de...
Sakabanaketaren barruak ezagutarazteko helburuagaz, Sare mugimenduko kideak gaiari buruzko informazioa daukan liburuxka ari dira banatzen herritarren artean.
Zenbait hilabeteko hausnarketa prozesu baten ostean, ekainean euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko herritarren sarea aurkeztu zuten Euskal Herriko hainbat esparrutako norbanakoek. Mugimendua Sare izenagaz bataiatu zuten, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ahalbidetuko duen herritar sare bat ehuntzea baita helburua. Ordutik, herrietako sare xumeak ehuntzen joan dira Euskal Herri osoko bizilagunak; apurka-apurka, baina erritmoa galdu barik.Gernika-Lumon ere, hala izan da, eta hainbat dira mugimenduagaz bat egin duten herritarrak. Hala ere, sarea handitzen jarraitzea ezinbestekoa dela deritzote Iñaki Aurrekoetxea eta Nekane Berasaluze Gernika- Lumoko bizilagunek. Izan ere, «desberdinen arteko indar metaketak bakarrik ahalbidetuko du aparteko egoeretan bizi diren euskal herritar horien eskubideak berma daitezen».
Aurrekoetxeak jakinarazi duenez, «gatazka politikoa garai berri baten sartu da, baina euskal presoen egoerak ez du hobera egin». Hala, euskal gizarteak egoera irauli behar duela deritzo, erakundeetan «presio eginez».
Sareren eskaera nagusiak gizalegezkoak direla nabarmendu dute mugimenduko kideek. Hain zuzen, sakanabaketa eta bakartze egoerekin amaitzea eta gaixotasun larriak dituzten presoak, 70 urtetik gorakoak, eta zigorraren 3/4 eta 2/3 bete dutenak kaleratzea eskatzen dute, besteak beste. Diotenez, legea betez gero, eskubide urraketa horiek ez dira bidezkoak.
Bidea luzea izango da, eta Sareko kideek jakin badakite ez dela erraza izango. Hala ere, itxaropentsu daude. Gizarteak erakusten ez badu ere, norbanakoen gehiengoa salbuespen neurri horien aurka dagoela deritzote.
Bideari ekiteko Sakabanaketari buruzko informazio daukan liburuxka bat zabaltzen ari dira Gernika-Lumoko sarekideak. Apirilera arte, eskubide urraketa horretan jarriko dute arreta, gai garrantzitsu bezain ezezaguna dela baiteritzote. «Sakabanaketa zer den badakigula uste dugu, baina benetako errealitatea hurbilekoek bakarrik ezagutzen dute». Sakabanaketak arrazoi eta helburu politiko batzuk dituela diote, baina ikuspuntu juridikoa kontuan hartuz gero, legez kanpokoa da.
Gernika-Lumoko sarekideak banatzen ari diren liburuxkak sakabanaketari buruzko ikuspuntu juridikoa, politikoa, eta soziala lantzen ditu. Arlo juridikoaz Iñaki Lasagabaster administrazio zuzenbideko katedraduna mintzatzen da. Ikuspuntu politikoa, bestalde, Julen Goikoetxea politologo eta EHUko irakasleak ematen du. Amaitzeko, Igor Elortzak arlo soziala jorratzen du, familiak izan ditzakeen bizipenak kontatuz. Sarrera Castillo Suarez idazleak egin du.
Liburuxka 20 minutuan irakurtzekoa da, eta hausnarketarako tresna dela diote Sarekoek; «sakabanaketaren barruak ezagutzeko modua».
Erronka nagusia esparru desberdinetara heltzea dela uste du Gernika-Lumoko bizilagunak. Hala, liburuak azalpen ulerterrazak batzen ditu, eta bertako informazioari aurre egitea oso zaila da. Sarekoen ustez, liburuxkak aurreiritzi asko apurtuko ditu, argi uzten baitu «sakabanaketa zigor bidegabea dela».
Harrera ona
Aurrekoetxeak jakinarazi duenez, Sarek harrera ona izan du lehen hilabeteetan. Hala, dagoeneko 80 sarekidetik gora daude Gernika-Lumon. Helburua, baina, kopuru hori handitzen joatea da, indarrak metatzen jarraitzea ezinbestekoa baita.
Alde horretatik, liburuxka irakurtzea eta sakabanaketari buruzko hausnarketa egitea lehenengo pausoak dira, baina interesa daukatenak haratago joan daitezke, sarekide eginez. Aurrekoetxeak dioenez, «edonor izan daiteke sarekide». Baldintza bakarrak giza eskubideen aldeko jarrera eta laguntzeko gogoa izatea dira.
Sarekideek hainbat modutan lagundu dezakete euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde egiteko. «Sakabanaketari buruzko liburuxka banatzen, ekitaldietan parte hartzen, ekarpen ekonomikoa egiten edota gaia gizartean zabaltzen, besteak beste.
Azken hilabeteetan Gernika-Lumoko herritarrek sarekide egiteko kanpaina bat izan dute martxan. Herriko zenbait gunetan mahaia jarriz, informazioa banatu dute, eta sarekideak egin dituzte.
Berasaluze horietako bat da. Sarekide egiteko arrazoi nagusia preso, iheslari eta deportatuekiko elkartasuna adieraztea izan da. «Giza eskubideen alde nago, eta euskal presoen arloan hainbat urraketa daudela deritzot», esan du. Hala, sarekide egitea erabaki zuen, bere harri koxkorra jartzeko.
Berasaluzeren ustez ere, garai berri batean gaude, eta sakabanaketagaz amaitzeko idea nahikoa zabalduta dago. Dena den, eskubideen urraketekin amaitzeko asko falta dela dio. «Azken urteetan egoerak ez du hobera egin; presoek urrunduta jarraitzen dute, eta familiek bidaia gogorrak egiten dituzte». Epe laburrean, gainera, ez du aldaketarik espero.
Sareko kideek azaldu dutenez, sakanaketa eteteko ez da legea aldatu behar. Eusko Juarlaritzak Bizikidetza Planaren barruan onartu zuen modura, legea aldatu barik amaitu daiteke salbuespeneko neurriagaz. Hala, herritarrek «erakundeak xaxatu» behar dituztela uste du Sarek.
Sarekide egiteko
Sarekide egin nahi diren gernikarrak herriko taldeagaz harremanetan jarrita eskuratu dezake informazioa. Hain zuzen, martitzenero batu ohi dira Astran. Hortaz, han galdetzea nahikoa da lehen harremana egiteko.
Beste alde batetik, bigarren aukera bat ere badago. «Sareren webgune orokorrean mugimenduari buruzko informazio guztia dago; eta harremana@sare.eus helbidera idatziz gero, herrietako taldeekin jartzen zaituzte harremanetan».