Euskararen Kontseiluak bultzatuta eta Bermeoko zenbait talde eragileren partaidetzarekin, aurten ere,
Euskaraz bizi nahi dut ekimena antolatu dute zapaturako. Egun horregaz, antolatzaileek euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea dute helburu. Iazko dinamikarekin jarraituta, hainbat dira biharko antolatu dituzten jarduerak, goiz osorako egitaraua antolatu dutelarik.
08:00etan emango diote hasiera Euskaraz bizi nahi dut egunari, iaz egin modura, mendi ibilaldiarekin. Taraskatik abiatuta, hamar kilometroko ibilbidea prestatu dute. 11:30ean, berriz, ume txikientzako tailerrak egongo dira Lameran. Euria egingo balu, Artza frontoian egingo lituzketela azaldu dute antolatzaileek. Ordu berean eta Lameran ere, ginkana egingo dute. Antolatzaileek esan dutenez, umeek gurasoen laguntzagaz parte hartu ahalko dute, gaztetxoek, berriz, bakarrik egin ahalko dute.
Beranduago, 12:30ean, Lameran baita ere,
Denon artean euskaraz bizi nahi dut lasterketa egingo dute. Jarduera guztiak 13:00etarako amaitzea aurreikusten dute, ordu horretan egingo baitute amaierako ekitaldia. Goizeko jardueretan parte hartu duten guztiak bilduta, euskaraz bizi nahi dut dantzatuko dute koreografia eta guzti.
Zapatuko ekimenean parte hartu nahi dutenei
Euskaraz bizi nahi dut leloa daroan kamiseta eroateko deia egin diete antolatzaileek.