Zihara Esteban kotxe gidari gernikarrak errekorrak hausten jarraitzen du. 20 urte baino ez ditu, eta dagoeneko Espainiako Karting txapelketa, Clio Cup txapelketa, Europako Nascar-eko zenbait lasterketa, eta Espainiako asfaltozko eta lur gaineko rally txapelketetan aritu izan da. Asteburuan, bestalde, beste mugarri bat gaindituko du. Hain justu, Portugalgo Maxiendurance Portimao lasterketan parte hartuko du.
Lasterketa hori, historiako luzeena izango da, 32 orduko iraupen proba izango baita. Hala, parte hartzen duten gidariak, tartean Esteban, errekorren Guinness liburuan sartuko dira.
Gernikarrak asteburuan lehiatuko du Portimaoko proba, azken belaunaldiko Seat Leon bategaz. Kotxe horrek, Montmeloko 24 orduak irabazi zituen. Hala, auto eta talde lehiakorrak izango ditu bertokoak. Estebanen taldea lau edo bost gidariz osatuta egongo da, eta beraien kategorian garaipena lortzea izango da horien helburua. Izan ere, irteera lerroko talderik hoberenetako bat osatuko dute Seateko taldekideek.
Gernikarrak zenbait urte daramatza lasterketa munduko adituen arreta bereganatzen, orain arte egindako lan apartagatik. Aurten, esaterako, Portimaoko lasterketagaz urte ezin hobea biribilduko du Estebanek. Emakumezkoen mailan, adibidez, asfaltozko eta lur gaineko Espainiako Rally Txapelketak irabazi ditu. Junior mailako gidari guztiak kontuan hartuz gero, gainera, bosgarren sailkatu da.
Bestalde, Munduko Rally Txapelketako Herrialde Katalanetako proba lehiatzeko aukera ere izan du aurten. Munduko txapelketako proba bat amaitu duen emakumezko gazteena da bertokoa.