Muxikako Erdu Gazte Asanbladak Ez da kasualitatea bertso saio musikatua antolatu du domekarako (abenduak 14). Hain zuzen, aurten bigarren biderrez egingo dute saio berezi hori, iazkoak arrakasta handia izan zuela ikusita. Lehenengo ekitaldian bezala, oraingoan ere, emakumeek egiten duten lana bistaratzea izango da saioaren helburu nagusia. Bertsolaritzan ere, sarritan emakumeak albo batera uzten direla deritzote. “Plazetako bertso saioetan, esaterako, emakume gutxi ikusten dira kantuan” nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, egoera horri buelta emateko asmoz hasi ziren antolatzen Ez da kasualitatea ikuskizuna. Bertso saioak, hortaz, aldarrikapena eta jai giroa uztartuko ditu.
Domekakoa ez da bertso saio normala izango. Izan ere, Onintza Enbeita muxikarrak, Uxue Alberdik, Alaia Martinek eta Miren Amurizak musikagaz lagunduta egingo dute bertsotan. Hain justu, Garikoitz Otamendik, Ixak Arrutik eta Eneko Sierrak jarriko diote musika saioari. Gai jartzaile lanetan, Josu Goikoetxea gernikarra ariko da.
Bertso emanaldi musikatua 19:00etan hasiko da. Bildutako lagun kopuruaren arabera, Ariatzako eskola izandako eraikinean edota elizan izango da ikuskizuna.
Interesatuek aldez aurretik erosi ditzakete sarrerak, Muxikako Galtzada tabernan eta Gernika-Lumoko Ospa tabernan. Hain zuzen, barikua da txartela erosteko azken eguna. Nahi dutenek, hala ere, saioaren egunean bertan ere erosi dezakete sarrera, sei eurotan.