Txotxongiloen artea ikusgai eta irakasgai
Txotxongiloak panpinak baino gehiago direla erakutsi gura du Corrado Masacci artista italiarrak, Gernika-Lumoko kultur etxean ipini duen erakusketan. Erakusteaz gain, irakatsi ere egingo du.Panpin artikulatuak baino gehiago dira txotxongiloak. Artista ...
Txotxongiloak panpinak baino gehiago direla erakutsi gura du Corrado Masacci artista italiarrak, Gernika-Lumoko kultur etxean ipini duen erakusketan. Erakusteaz gain, irakatsi ere egingo du.
Panpin artikulatuak baino gehiago dira txotxongiloak. Artista on baten eskuetan, aktoreak izan daitezke panpin horiek. Hori da, hain zuzen, Corrado Masacci artista italiarrak erakutsi gura duena. Herritarrei, erakusketa bidez erakutsiko die, Gernika-Lumoko kultur etxean ipini duen erakusketan. Txotxongiloak artetzat jo du izenburu, eta hainbat gai jorratzeko panpinak daude ikusgai: animaliak, igelen bilduma, munduko txotxongiloak… Eta Euskal Herriagaz zerikusia dutenak ere badira erakusketan, harri jasotzailea eta arrantzalea, esaterako.Nagusiek ez ezik, eskola umeek ere txotxongiloen munduan murgiltzeko aukera izango dute, Ondarroan bizi den artista italiarraren eta Gernika-Lumoko kultur etxearen eskutik. Izan ere, abenduaren 19ra bitartean, erakusketa bisitatuko dute 4 urtetik gorako ikasleek. Hain zuzen, Gernika-Lumoko ikastetxeetako eta Muxikako Urretxindorra herri eskolako umeak izango dira egunotan Masacciren azalpenak entzun eta haren txotxongiloen berezitasunak ezagutzeko aukera izango dutenak.
Kultur etxeko zuzendari Rikardo Abaunzak zehaztu duenez, bi aste hauetan, gutxi gorabehera, 800 ume izango dira txitxongiloen mundua ezagutzeko aukera izango dutenak.
Panpinei bizia eman
Egurra, orea edo tela erabiliz, eskuz egindako panpinak dira kultur etxearen erakusketa gelan dauden txotxongiloak; Masaccik berak egindakoak. 35 urte daramatza arte horretan, eta urteurren hori aintzat hartuta, ikuskizun berezi bat prestatu du artistak berak.
Urte horietan sortutako hainbat pertsonaia batu, eta berriro agertoki gainean ikusteko aukera eman gura die inguruko umeei, Txotxongiloei eraginez ikuskizunagaz. Hain zuzen, zapatu honetan hilaren 13an izango dute 3 urtetik gorako umeek txotxongiloen mundu liluragarriagaz gozatzeko aukera. Panpina horiei eraginez, bizia emango die Corrado Masacci artistak, Elai-Alai aretoko agertokiaren gainean.
12:00etan hasiko da txotxongiloen ikuskizuna, eta sarrera doakoa dela jakinarazi dute antolatzaileek.