KEI ziurtagiria jasoko du Eleizalde ikastolak bihar, Kafe Antzokian
Kalitate Egitasmo Integratua (KEI) ziurtagiria jasoko du Bermeoko Eleizalde ikastolak bihar, 19:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian. Ekitaldi horren parte egin nahi dituzte herritarrak, eta horretarako, parte hartzera gonbidatu dituzte.«Urte askotako ahal...
«Urte askotako ahaleginaren, lanaren eta ilusioaren ondorengo fruitua da KEI ziurtagiria», diote Eleizalde ikastolakoek. Hezkuntzaren kalitatea neurtzeko metodo bat da KEI, eta Horreum fundazioak kudeatzen du. Eleizalde ikastolak azaldutakoaren arabera, «ikastetxeetan esku hartzeko eredu bat da. Kultura burokratiko formaletik, pertsonen hazkuntza gizatiar eta profesionalean oinarritutako kultura transformazionalerako aldaketa bideratzea eta erraztea du helburu». Kalitatezko funtzionamendua bermatzeko ikastetxea bere osotasunean hartu eta aditu beharreko eremu guztiak hartzen ditu bere barruan ziurtagiriak: «Hezkuntza komunitatearen asebetetzea neurtu eta guztien inplikazioa sustatzen du, hobekuntzaren aldeko etengabeko konpromisoa bermatuz». Eskola gizartearen parte dela diote, eta Eleizalde ikastola herriaren parte denez, ikastolarentzako sari hau Bermeorentzat ere saria izatea nahi dutela adierazi dute.
Bermeotarrekin ospatu
Eleizaldek herritarrekin bat egin nahi du bihar, 19:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian ziurtagiria hartzeko egingo den ekitaldian. Ziurtagiria jasotzeaz gain, musika, dantzariak eta hainbat ustekabe izango direla azaldu dute, eta herritarrak parte hartzera animatzen dituzte.