Ipuin lehiaketa antolatu du Muxikak aurten ere, gai librean
25. Ipuin Lehiaketa antolatu du Muxikako udal liburutegiak. Muxikarrei zuzendutako lehiaketa da, bakar-bakarrik. Hala, parte hartu ahal izateko, herri horretako bizilaguna izatea ezinbestekoa da.7 urtetik gorakoek parte har dezakete ipuin lehiaketaren ...
7 urtetik gorakoek parte har dezakete ipuin lehiaketaren aldi berri horretan. Parte hartzaileak, baina, maila ezberdinetan banatuko dituzte antolatzaileek, adinaren arabera. Hala, bost maila aurreikusi dituzte, eta 15 urtetik gorakoek maila berean parte hartuko dute.
Ipuinaren gaia librea izango da; hori bai, lanok euskaraz idatzita egon behar dutela zehaztu dute. Parte hartu gura duenak, abenduaren 16ra arteko epea du ipuina aurkezteko.
Hori udal liburutegian egin ahalko du, 15:30etik 20:00etara; edo emailez bidalita: liburutegia.muxika@bizkaia.org.
Sari banaketa, 19an
Lanek, gehienez, hamar orri izan beharko dituzte, eta eskuz edo ordenagailuz idatzita egon behar dute.
Lanak aurkezterakoan izenik ez dela jarri behar esan dute antolatzaileek; bai, ordea, adina.
Sari banaketa abenduaren 19an egingo dute, 18:30ean hasita, Zubieta Errota liburutegian. Han batuko dira lehiaketan parte hartu duten guztiak, eta haientzat guztientzat saria edukiko dutela esan dute antolatzaileek.
Hala eta guztiz ere, epaimahaiak aukeratutako ipuin onenek ere izango dute sari berezia. Hala, maila bakoitzean hiru ipuin onenak sarituko dituzte. Hain zuzen ere, 7 eta 9 urte bitartekoek opari bana jasoko dute; eta 10 urtetik gorakoentzat, berriz, diru saria egongo da.
Liburuxka bat
Aurreko urteetan egin izan duten legez, aurten ere, maila bakoitzetik saria hartzen duten hiru ipuinak liburuxka batean argitaratuko dituzte. Ipuin onenak aukeratzerako orduan, irudimena, sormena eta itxura kontuan hartuko dituzte.