Hegaztiak ezagutarazteko egitasmoa abiarazi dute
Etxe inguruan bizi diren hegaztiak behatzeko proiektua da Bird Center-ek martxan jarritakoa. Norbanakoek ere parte hartu dezakete egitasmoanUrdaibai Bird Center-ek Inguruko hegaztiak egitasmoa jarri du martxan. Hain zuzen, etxe inguruan bizi diren hega...
Etxe inguruan bizi diren hegaztiak behatzeko proiektua da Bird Center-ek martxan jarritakoa. Norbanakoek ere parte hartu dezakete egitasmoan
Urdaibai Bird Center-ek Inguruko hegaztiak egitasmoa jarri du martxan. Hain zuzen, etxe inguruan bizi diren hegaztiei buruzko ezagutza handitzea da proiektuaren helburua. Ezagupen hori handitzeko, hegaztientzako janlekuak jarriko dituzte parte hartzen dutenek, txoriak etxe ondora erakarriz. Bide batez, gainera, animalia horien osasuna hobetzen lagunduko dute hegazti zaleek. Izan ere, janlekuei esker gantza pilatzeko aukera daukate txoriek.Alde batetik, Urdaibaiko eskolek parte hartuko dute egitasmoan. Hala ere, gura duten norbanakoek ere etxe inguruan janlekuak jartzeko aukera izango dute.
Bird Center-eko beharginek blog bat ere sortu dute sarean. Hala, parte hartzaileek inguruko hegaztiei buruzko bideoak eta argazkiak erakutsi ahal izango dituzte bertan.
Janlekuetara hainbat txori mota gerturatzen dira; baina, batez ere, hegazti txikiak. Beste batzuren artean, Eskandinabiako txontak edota Herrialde Baltikoetako tarin eta txantxangorriak ikusteko aukera edukiko dute behatzaileek.
Parte hartu nahi dutenek abenduaren 31ra arte eman dezakete izena, aranzadi@birdcenter.org postara idatzita. Interesatuek, baina, baldintza pare bat bete beharko dituzte: etxe inguruan berdea den gune bat izatea eta hegaztiak elikatzeko janlekuren bat izatea. Janlekuak etxean egin daitezke edota zentroan bertan erosi.
Bird Center-ek egitasmoan parte hartzeko deia egin die inguruko herritarrei. Nabarmendu dutenez, etxetik bertatik naturaren ikuskizunagaz gozatzeko aukera ederra da.
2015eko martxoan proiektua amaitutzat ematean, Bird Center-ek behaketei buruzko txostena bidaliko die etxe inguruko hegaztien behaketan parte hartu dutenei. Hala eginez, txorien ohiturak ezagutzeko aukera eskaini nahi dute.
Europa iparraldean, eta, bereziki, Erresuma Batuan, oso errotuta dago etxe inguruko hegaztiak behatzea. Iaz, esate baterako, 600.000 familiak parte hartu zuten Garden Birdwatch izeneko egitasmoan.