Gabonetako II. azoka berezia antolatu dute zapaturako
Erosketak herrian egitea bultzatzeko eta udal merkatua sustatzeko antolatutako ekimena da. Olentzero, musika, tailerrak eta sukaldaritza erakustaldiak izango diraBermeon erosketak egitea bultzatzeko, eta bereziki, herriko udal azoka sustatzeko, bertoko...
Erosketak herrian egitea bultzatzeko eta udal merkatua sustatzeko antolatutako ekimena da. Olentzero, musika, tailerrak eta sukaldaritza erakustaldiak izango dira
Bermeon erosketak egitea bultzatzeko, eta bereziki, herriko udal azoka sustatzeko, bertoko produktuen gabonetako II. azoka berezia antolatu dute zapaturako. Merkatu barruan zein kanpoan, 30 saltoki inguru egongo direla azaldu dute.09:00etatik 15:00etara, egitarau zabala prestatu dute zapaturako Bermeoko Udalak eta azokako merkatariek elkarlanean. Bertaratzen diren guztiek baserriko eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute 30 saltoki ingurutan. Hori guztia, «Gabonetako giro polit batean» egin ahalko dutela azaldu du Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak.
Sukaldaritza erakustaldiak
12:00etatik aurrera, Lanbide Hastapeneko sukaldariak egongo dira azokan. Bertan, ikasleek sukaldaritza erakustaldiak egingo dituzte, eta Gabonetako menuak dastagai eta salgai ere jarriko dituzte, «errezetekin eta horiek egiteko trikimailuekin», azaldu dute.
Bestalde, Gabonetako argiek eta musikak Gabonetako azoka berezia girotzen lagunduko dute. 11:00etatik 12:30era, hain zuzen ere, Musika Eskolako haize eta soka taldeak bere musikagaz eta Erroxape Emakumeen Elkarteko abesbatzak bere abestiekin «giro oso polita sortuko dute», azaldu du Ormaetxeak.
Umeak ere udal azokara erakarri asmoz, haientzako tailerrak antolatu dituzte 11:00etatik 13:00etara: «Gabonetako apaingarriak eta marrazkiak egingo dituzte», eta horiekin merkatua apainduko dutela jakinarazi dute. Gainera, Olentzerok merkatua bisitatuko duela aipatu dute. Goizean umeen eskutitzak jasotzen ibiliko da ikazkina.
Ormaetxeak gogorarazi duenez, «Bermeoko Udala azoka indartzeko plangintza bat egiten ari da, eta horren baitan dago azoka bereziak egitearena. Iazko Gabonetan egin genuen lehenengoa, eta herritarren parte hartze garrantzitsua eta balorazio oso ona izan zirela ikusirik, azoka hauek antolatzen jarraituko dugu».
Azoka horien bitartez, beste alde batetik, sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu nahi dute, «horien kontsumoa inguruko arrantzaleen eta baserritarren onurarako» baita.