'Ez nahastu sailkatu' kanpainaren azken batzarra bihar izango da
Busturiko Udalak abiarazi duen Ez nahastu sailkatu kanpainaren azken informazio batzarra egingo dute bihar. Zakarrontzira sailkatu barik botatzen diren hondakinen frakzio organikoa zabor poltsatik atera eta bereiztuta jasotzeko ahaleginak egiten ari da...
Kanpainaren berri emateko informazio puntuak jarri eta herri batzarrak egin dituzte azken asteetan. Umeei zuzendutako tailerrak eta jolasak ere egin dituzte bi asteburutan eta auzo ezberdinetan.
Orain, azken informazio batzarraren txanda iritsi da. Hain zuzen ere, bihar izango dela zehaztu dute, 19:30ean, Altamira auzoko kultur etxean.
Giltzak eman
Jakinarazi dutenez, etxeetako zabor organikoa sailkatzeko eta edukiontzi marroia erabiltzeko prest dauden herritarrek eguenean bertan hartuko dituzte aipatu edukiontziak erabiltzeko giltzak eta hori erabiltzeko beharrezko duten materiala.
Edukiontzi marroiak Busturiko auzo guztietan jarrita daude jada, gainontzeko edukiontzien ondoan.