Kalitate Egitasmo Integratua (KEI) ziurtagiria jasoko du Bermeoko Eleizalde ikastolak etzi, eguenean, 19:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian. Ekitaldi horren parte egin nahi dituzte herritarrak, horretarako, parte hartzera gonbidatzen dituzte.
«Urte askotako ahaleginaren, lanaren eta ilusioaren ondorengo fruitua da KEI ziurtagiria», diote Eleizalde ikastolatik. Hezkuntzaren kalitatea neurtzeko metodo bat da KEI, eta Horreum fundazioak kudeatzen du. Eleizalde ikastolatik azaldutakoaren arabera, «ikastetxeetan esku hartzeko eredu bat da. Kultura burokratiko formaletik, pertsonen hazkuntza gizatiar eta profesionalean oinarritutako kultura transformazionalerako aldaketa bideratzea eta erraztea du helburu». Kalitatezko funtzionamendua bermatzeko ikastetxea bere osotasunean hartu eta aditu beharreko eremu guztiak hartzen ditu bere barruan ziurtagiriak: «hezkuntza komunitatearen asebetetzea neurtu eta guztien inplikazioa sustatzen du, hobekuntzaren aldeko etengabeko konpromisoa bermatuz».
Eleizalde ikastolak herritarrekin bat egin nahi du etzi, 19:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian ziurtagiria hartzeko egingo den ekitaldian.
Ziurtagiria jasotzeaz gain, musika, dantzariak eta hainbat ustekabe izango direla azaldu dute eta herritarrak parte hartzera animatzen dituzte.