Gabonetarako gozokiak egiten ikasiko dute zapatuan Mendatan
Mendatako Udalak Gabonetarako gozokiak egiten ikasteko tailerra antolatu du abenduaren 13rako, zapaturako. Parte hartu nahi dutenek 18:00etan egon beharko dute egun horretan, Artapen.
Hain zuzen, Gabonetako gailetak, trufak eta turroiagaz egindako flana egingo dituzte aipatu tailerrean parte hartzen dutenek, eta horretarako, nork berak nahi dituen osagaiak erabili ahalko ditu. Hori eginda, «sormena landu eta ikarragarrizko emaitzak lortuko» dituzte parte hartzaileek, udalaren arabera.
Tailer horretan, gutxienez, 8-10 bat lagunek parte hartu beharko dutela zehaztu du udalak, eta horiek guztiek, Marije Mimenza izango dute irakasle. 18:00etan hasiko den tailer horrek bi orduko iraupena izango du, eta sukaldaritza gustuko duen orori zuzenduta egongo da.
Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute 94 625 47 22 edota 94 625 72 04 telefonora deituta. Horretarako azken eguna eguena, hilaren 11, izango dute.