Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteak, Gabonetako mahai apaingarrien lehiaketa antolatu du. Aurtengoa lehiaketaren hamazazpigarren edizioa da eta parte hartu nahi dutenek, lanok abenduaren 18rako prest eduki beharko dituzte.
Hainbat dira gabonetako mahai apaingarriak aurkeztera animatzen diren herritarrak, urteekin arrakasta hartu duen lehiaketa da Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteak antolatzen duena. Antolatzaileek azaldu legez, hilaren 18an, eguenean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara aurkeztu beharko dira lanak, ohi legez, Nestor Basterretxea aretoan.
Mahai apaingarririk onenek sariak jasoko dituzte. Horiek aukeratzeko epaimahaikideak abenduaren 19an, 18:00etan batuko dira eta egun horretan bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia Nestor Basterretxea aretoan.
Lehiaketara aurkeztu diren mahai apaingarri guztiak ikusgai izango dira bai abenduaren 19an zein 20an 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
18 eurotik behera
Antolatzaileek azaldu legez, parte hartzaileek lanak egiteko erabiliko duten materialaren balioa ezin daiteke izan hamazortzi eurotik gorakoa. Gainera, beste behin ere, gogorarazi nahi izan dute mahai apaingarriek ezin izango dutela gorostirik erabili, debekatuta baitago.