Eskualdean lana bultzatze aldera, ‘Ekintzailetza astea’ antolatu dute
Eguenean hasi eta abenduaren 19ra bitartean, Ekintzailetza Astean parte hartzeko aukera izango dute Busturialdeako herritarrek.
Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Sailek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatu dute Lana bilatzea lana da programaren barruan, eta ekintzailetza kultura hedatzea ez ezik, eskualdean lana eta aberastasuna bultzatzea eta bertoko ekonomia sustatzea ere baditu xede. Egueneko mahai-inguruan parte hartzeko ez da izenik eman beharko, baina, gainontzeko hitzaldi edota tailerretan parte hartzeko, www.lanabilatzealanada.com webgunean egin beharko da inskripzioa.
Egitaraua, egunez egun
Abenduak 11, eguena
17:30ean, Gernika-Lumoko Astran. Mahai ingurua eskualdeko ekintzaileen eskutik: Boletus, Xaibor, Glow, Zallo, Bodegas Itsasmendi, Maier eta Filmak.
Abenduak 15, astelehena
10:00etan, Astran. Behargintza eta Urremendiren eskutik, ordubeteko hitzaldia. Busturialdean enpresa edo proiektu bat martxan jarri nahi izanez gero, dirulaguntzak non eta nola lortu daitezkeen jorratuko dute.
11:00etatik 14:00etara, Astran. Ekintzailetasun tailerrak hasiera. Egun horretan, EGIZUren eskutik, ideia bat martxan jartzen irakatsiko dute. Parte hartzaileek talde lana bultzatuz, proiektu bat sortuko dute.
Abenduak 16, martitzena
10:00etatik 14:00etara, Astran. Parte hartzaileek aurreko egunean sortutako proiektuan sakonduko dute Design Thinking teoriaren bitartez. Horren helburua bezeroa detektatzea eta bezero horrentzat balio erantsia sortzea izango da.
Abenduak 17, eguaztena
10:00etatik 14:00etara, Astran. Enpresa bateko salmenta zuzendari batek salmentari buruzko hitzaldia eskainiko du. Ondoren, T&D proiektuko gazteek salmenta unea bideratuko dute, parte hartzaileek beraien proiektua bezero potentzialekin kontrastatzeko.
Abenduak 18, eguena
10:00etatik 14:00etara, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Dialogo sesio bat izango dute parte hartzaileek aste osoan bizi izandako esperientziak elkarbanatzeko eta ekintzailetzaren gainean debatea irekitzeko. ‘Sortzen AKT’ko bi coachek bideratu dute debatea.
Abenduak 19, barikua
10:00etatik 13:00etara, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Aurreko egunetan sortutako ideiak inbertitzaileen aurrean saltzen ikasiko dute parte hartzaileek, pitching-ari esker.
13:15ean, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa.