XII. txerriki egunaz gozatzeko aukera izan zuten atzo muruetarrek. “Txerriki egunagaz hasi ginen, baina egun euskal jaia ere egiten dugu”, dio Muruetako alkate Jabier Ondarzak: ” Jai egun hori txerriki janan eta bertoko txerriari bultzada emoteaz oinarritzen bada ere, hainbat dira euskal jai giroan oinarritzen diren jarduerak eguna girotzeko; esaterako, herri kirolak, dantza erakustaldia eta kantu tradizionalen agerraldia”. Gainera, bertaratutakoek elizaren arkupeetan jarritako azokatxoan zenbait produktu eskuratu ahal izan zituzten atzo, “herriko produktuak dituen mahai bat ere egoten da urtero”, esan du alkateak. Aurten, gainera, taloak egiten ikasteko aukera ere egon da Muruetan, horretarako antolatu duten tailerrean.
Eguraldia ez zutela lagun izan aipatu du Muruetako alkateak, “baina elizaren inguruan hainbat aterpe ditugu eta jendetza egon zen. Jendea, gainera, leku guztietan ibili zen, pilatu barik”.
Goiza herri bazkaria eginez amaitu zuten, eta 250 lagun inguru batu zirela zehaztu du Ondarzak. Bazkaldu ostean, goizeko kantu tradizionalen agerraldian parte hartu zuten taldeek (Foruko Udal Abesbatza, Arratzuko Abesbatza, Bermeoko Kankinkabara, Gernikako Arbola Zaharra), bigarren ekitaldi bat eskaini zuten, bakoitzak hiru kanturekin.