Malta lantegia izandakoa eraitsita
1925ean zabaldu zuten Gernika-Lumoko mahai-tresna enpresa. Herriko beste zenbait enpresagaz batera bertoko ekonomiaren motoreetako bat izan zen, hainbat hamarkadatan.Malta izenez ezagutzen zen lantegia eraitsi dute dagoeneko. XX. mendean herriko motore...
1925ean zabaldu zuten Gernika-Lumoko mahai-tresna enpresa. Herriko beste zenbait enpresagaz batera bertoko ekonomiaren motoreetako bat izan zen, hainbat hamarkadatan.
Malta izenez ezagutzen zen lantegia eraitsi dute dagoeneko. XX. mendean herriko motore ekonomiko garrantzitsuenetako bat izandako lantegiaren lekukotza bakarra, harrerarako erabiltzen zuten etxea da gaur egun.Eraisketa lanak Bizkaiko Foru Aldundiak hasi ditu, lurzoru horretan enpresentzako Elkartegi bat egiteko asmoz. Elkartegia eraikiz, aldundiak Gernika-Lumoko indutriagunea berpizteko lehen pausoa eman nahi duela iragarri zuen.
Malta enpresa herriko lantegi garrantzitsuenetako bat izan zen hainbat urtetan, Daliagaz batera. 1925ean eraiki zuten, hain zuzen ere, Cruz de Malta marka ekoizten zuen enpresa.
Daliako zenbait bazkide ohik jarri zuten martxan Malta lantegia. Hasiera batean, Cubiertos y Orfebreria de Amurrio izenez ezagutzen zen enpresa hori, baina, 1946an, Malta izen ezaguna jarri zioten.
Lantegiaren lehen urteetan, mahai-tresnak ekoiztu zituzten, batez ere. Dena den, erretiluak, edalontziak, teontziak, kafeontziak, hautsontziak, kirol oroigarriak eta sinbolo erlijiosoak ere egiten zituzten beharginek, besteak beste. 36ko gerrak iraun zuen bitartean, Maltak bestelako produktuak ere egin zituen; kartutxoak, zorroak eta ezpata zorroak, esaterako.
70eko hamarkadan lantegiak modernizazio garaiari ekin zion. Urte horietan 600 behargin izatetik 1.000 behargin izatera pasa zen lantegia. Hala, bertoko hainbat lagunek egiten zuten lan bertan. Garai horretan mahai-tresna modernoagoak egiten hasi ziren beharginak, beste hainbat produkturekin batera.
1993an hasi zen Maltaren gainbehera. 2005ean enpresak porrot egin zuen, eta hiru urte beranduago Daliak eta Maltak bat egin zuten.