Loratzen hasi den nortasuna
CreaModa lehiaketaren finalista izan da, eta BECeko pasarelan bere hirugarren kolekzioa erakutsi du Paul Txertudi gernikarrak: 'Lady Flowers'.Hamar janzki ditu bere hirugarren kolekzioak, Lady Flowers, baina bi erakutsi ditu jendartean. CreaModako fina...
CreaModa lehiaketaren finalista izan da, eta BECeko pasarelan bere hirugarren kolekzioa erakutsi du Paul Txertudi gernikarrak: ‘Lady Flowers’.
Hamar janzki ditu bere hirugarren kolekzioak, Lady Flowers, baina bi erakutsi ditu jendartean. CreaModako finalista izan da Paul Txertudi gernikarra, eta sari nagusia lortzerik izan ez duen arren, egindako lanagaz pozik dela esan du diseinatzaile gazteak. «Lehiaketaren finalera heldu izanak erakusten dit aurrera noala. Nire diseinuak erakusteko aukera izan dut, eta jendearen gustukoak direla entzuteak bete egiten zaitu».Loreak izan ditu inspirazio Lady Flowers sortzeko. «Loreak, eta hostoak. Lore-begi direnetik guztiz loratu arte hartzen dituzten formetan erreparatu dut, eta forma horiek somatu daitezke nire gonen formetan, mauketan… Koloreekin ere jokatu dut, baina, beti ere, harmonia bat mantenduz».
Moda munduan sartzea eta horretatik bizitzea zaila dela aitortu du Txertudik. Dena den, bere bidea egiten asmatu du gernikarrak: «Getxo Moda lehiaketara aurkeztu nintzen 2011. urtean, eta irabazki egin nuen. Han, High society 30 izeneko kolekzioa aurkeztu nuen». Lehiaketen sariak ekonomikoak dira, eta diru hori beharrezkoa dutela esan du, hurrengo kolekzioa sortzearen gastuei aurre egiteko.
Paul Txertudi sarean
Bere arropak dendetan ikustea gustatuko litzaioke, baina horretarako produkzioa handia edo zure negozioa sortzeko dirua beharrezkoa dela dio. «Horregatik, oraingoz, sare sozialetan erakutsiko ditut nire diseinuak: Paul Txertudi marka». Lady Flowers zabaldu du lehenenego, eta beste bi kolekzioak eskegitu ditu ondoren, «aurretik egin izan dudana erakustea ondo legokeelako. Izan ere, nik uste dut hiru kolekzioetan nabari dela nire esentzia; lehenengotik azkenera koherentzia bat mantendu dut».
Sortu, diseinatu, josi… eta idatzi ere egiten du Txertudik. Madrilgo Instituto Europeo di Design-en egin zituen moda ikasketak, eta kazetaritza ikasketak amaitzen ari da gaur egun. Milango (Italia) moda astean ere izana da, izen handiko diseinatzaileek hango pasareletan erakutsitakoari buruz informatzen. «Milangoa esperientzia izugarria izan zen niretzat, eta, nolabait, han sortu zitzaidan kazetaritza egiteko gogoa».