«Kontzertuen erritmoa zainduko dugu areto itxietara salto eginda »
Gatibu taldeak bere lan berria (Euritan dantzan) aurkeztuko du Durangoko Azokan. Horrela, hara zein gainontzeko emanaldietara bertaratzeko deia egin die taldeko gitarrista Haimar Arejitak (Gernika-Lumo, 1976) herritarrei; «beti izaten baita ezustekore...
Seigarren diska eta zazpi abesti. Kantitatez ez dira asko, baina kalitatez?
Diskatik diskara kalitateari dagokionez hobetzen saiatzen gara, eta nik uste dut diska honegaz ere, lortu dugula kalitatea hobetzea soinu aldetik. Mimo askorekin landu dugu estudioan; abesti gutxi izateak, gainera, kanta horiek hobeto lantzea ahalbidetzen du.
Single-a kalean duzue: Euritan dantzan. Zein berezitasun du abestiak?
Erritmo aldetik, kolore asko dituen abestia dela uste dugu; lasai hasten da, eta gero, gorantz egiten du, lehertzen den arte. Hori eginda, beheranzko bidea egiten du, eta gero, goranzkoa. Alde horretatik, oso interesgarria iruditzen zaigu abestia. Halaber, letra ere, aproposa iruditu zitzaigun kontuan hartuta, zein urtarotan kaleratuko genuen diskoa. Udazkenean euri asko egiten du inguru hauetan, eta horietan ere, aurpegi ona jartzen dugula azaltzen du abestiak. Edonola ere, abestiari nork bere esanahai aurki dakioke.
Nolako erantzuna izan du abestiak?
Nik ikusi eta entzun dudanagatik, oso erantzun ona izan du abestiak. Jendeari asko gustatu zaio. Batzuei, gainera, lehenengo entzunaldian baino, hurrengoetan gehiago gustatu izan zaie, eta niri asko gustatzen zaidan gauza bat da hori; alegia, entzun ahala gustatzea.
Aurreko diskoekin alderatuta, aldaketarik ba al dakar?
Disken artean beti daude aldaketak; izan ere, diskq berrian, aurrekoan egin ez duguna egin nahi izaten dugu. Beraz, alde horretatik, beti saiatzen gara ekarpen berriren bat egiten. Ez dugu inoiz egindakoari erreparatzen, momentuko sentsazioekin sortzen dugu diskq berria.
Azken urteetan urte birik behin kaleratu duzue diska. Hurrengoa, baliteke 2016rako izatea?
Oraindik goiz da hurrengoa diskoa noiz kaleratuko dugun esateko.
Eta bitartean, zer?
Daukagunaz gozatuko dugu. Orain emanaldietan eta diskaren aurkezpenean izango gara burubelarri. Aurrerantzean, kontzertuen erritmoa zainduko dugu; plazetan barik, areto itxietan izango gara. Kontzertuetara doan jendeak benetako gogoa izatea lortu nahi dugu. Ez ditugu plazak utziko, baina orain arte aritutakoarekin alderatuz, askoz gutxiagotan izango gara horietan.
Zer dela eta?
Dagoeneko, urte asko igaro dira, eta jendea kontzertuetara mugiarazteko dugun benetako ahalmena ikusi nahi dugu. Horregatik saiatuko gara gure emanaldiak neurtzen, bai erritmo aldetik eta baita espazio aldetik ere. Bestela, edonoiz ikus daitekeen taldean bilakatuko gara, eta musika zaleek interesa galduko lukete.
Gatibu sortu zeneko momentu haiek… Gogoan al dituzu?
Gogoan ditut, bai. Alex Sardui eta biok hasi genuen ibilbidea duela 13-14 bat urte, eta gero batu ziren proiektura Mikel Caballero eta Gaizka Salazar. Nahiko gertu ikusten ditut hasierako momentu horiek; azkar igaro baitira urteak. Hasiera oso polita izan genuen, eta bilakaera ere horrelakoa izan da. Uste dut gauza polit asko egin izan ditugula. Formula bera jarraitu beharrean, momentu bakoitzean nahi izan duguna egiten joan gara. Bide horretan, gainera, publiko oso zabala lortu dugula deritzot; ume, gazte zein nagusiak dira, egun, Gatibuzale, eta hori oso positiboa dela deritzot.
Atzera begiratuz ikusten duzu hori, eta, aurrera begiratuz gero, zer da ikusten duzuna?
Gure kontzertuak geroz eta hobeak izan daitezen, pausoak eman nahi ditugu. Bestalde, Euskal Herritik kanpo kontzertuak ematen hastea ere gustatuko litzaiguke, apurnaka-apurnaka. Izan ere, musika edonon jotzeko da, ez soilik lurralde jakin batean.