Jone Libre!!!
Orain dela bi urteko pankarta bat eusten ari zen makila batean zegoen prezintoak Jone Amezagaren hatz marka omen zeraman. Horren ondorioz Madrilen epaitu zuten. Madrilen!!! Epaiketaren ebazpena errekurritu eta Gorenak ebazpena berretsi zuen, froga baka...
Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian, bide horretan goaz, behintzat, baina bistakoa da oztopoak eta zangotrabatzeak etengabe jarriko dizkigutela. Kartzelak hustu behar diren garaian bizi gara, kaleak jende librez bete behar diren garaian. Ez da ulergarria, ez da onargarria gaur egun arrazoi politikoengatik inor espetxeratzerik.
Ezarri dioten zigorra gazte mugimenduan egiten duen lana ezkutatzeko ahalegina baino ez da, atzetik datozen belaunaldi berriei adierazteko Joneren bideak ondorioak dituela. Begi bistakoa da batzuk ez dutela nahi gazteria konprometiturik, gazteria aktiborik, gazteria bizirik.
Baina ez dute euskal gazteria geratzerik lortuko. Aurreko agintariak ere saiatu dira. Euskal Herrian ezaguna da gazteen aurka erabilitako estrategia, eta neurri berean, ezaguna da gazteriak eraso guzti horien aurrean erakutsi duen gaitasuna. Joneren aurkako bide honetatik ere ez dute lortuko gure etorkizuna erabakitzeko daukagun determinazioa gelditzerik.
Jone Amezagak lan militantea Gernika-Lumon burutzen du batez ere. Historiako parte garrantzitsua euskaldunontzat. Esanahi handiko herria munduarentzat. Hala, ez da erreza testuinguru horretan gertatzen ari dan guztia ulertzea.
77 urte dira Gernika bonbakatu zutena. Kanpotik zetozen hegazkinek bonbakatu gintuzten. Oraingoan, baina, ez dira kanpokoak, ustez etxekoak dira bidegabekeria honen erantzule. Zein interes dauka Ertzaintzak prozesu guzti hau aurrera eramateko? Epaiketan deklaratu zutenek argi erakutsi zuten Jonerenganako zeukaten amorrua. Baina prozedura guztia azkartzeko egin duten ahalegina eta epaileak «bilatze eta atxilotze» agindua eman dezan erabili duten ez-ohiko bideak zeri erantzuten dio? EAJk ez al dauka ezer esateko honen inguruan? Hori al da nahi duten polizia integrala? Euren erabaki politikoa ote da Jone kartzelaratzea?
Ez dugu uste gazteen kriminalizazioan sakontzeko garaia denik, ezta bide polizialaren garaia denik ere. Politikaren garaia da, herriaren garaia.
Jone, maite zaitugu, baina ez gabiltza zeure alde maite zaitugulako. Herri hau jende askez eraiki behar dugulako gabiltza lanean, zeu zabiltzan moduan. Herri honetan jende asko dago aske izaten uzten ez diotena, herriari berari ez diote aske izaten uzten, baina alperrik dabiltza. Kartzelak hustuko ditugu, eta kaleak laranja librez jantziko ditugu. Zeure askatasunean geure askatasuna ikusten dugu, zeure askatasunean herriaren askatasuna ikusten dugu… Jone Libre.