Euskal Herriko sei txapeldunak batuko ditu Kontsezioko bertso jaialdiak
Amurizak, Lopategik, Lizasok, Egañak, Lujanbiok eta Arzallusek egingo dute bertsotan. Gabixola izango da aurten ere gai jartzailea. Astelehenekoa egun historikoa izango dela esan duteEuskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sei txapeldunak igoko ...
Amurizak, Lopategik, Lizasok, Egañak, Lujanbiok eta Arzallusek egingo dute bertsotan. Gabixola izango da aurten ere gai jartzailea. Astelehenekoa egun historikoa izango dela esan dute
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sei txapeldunak igoko ditu oholtza gainera, aurten, Kontsezioko Bertso Jaialdiak. Xabier Amurizak, Jon Lopategik, Sebastian Lizasok, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek egingo dute bertsotan 17:30etatik aurrera, astelehenean, Markina-Xemeingo frontoi nagusian ikusi ahalko den ekitaldi berezian.«Gertakari historiko kultural handia izango da», azpimarratu dute Sugar taldearen ondotik bertso jaialdia ia lau hamarkadatan antolatu duten Amaiur kultur elkartekoek. «Egun historikoa izango da, sei txapeldunak batera ez dira eta sekula aritu», esan dute.
Urtero, jaialdi berezia antolatzen saiatzen dira Amaiur elkartekoak; txapelketa nagusiko finalistak edo sei emakume bertsolari elkartu izan dituzte esate baterako, baina aurtengoa gainditzea gaitz izango dute. «Amets Arzallusek txapela atera eta guztiei deitzen hasi ginen batek ere hutsik ez egiteko», azaldu dute.
Hamar txapel
Gai jartzaile lanetan, Jose Mari Lejardi Gabixola ariko da berriz, eta gaiak bertsolaritzari lotutakoak izango direla aurreratu du. «Bertsolarien bizitzetako arlo askotaz ariko gara, eta sei txapeldunak ezagutzeko aukera egongo da», nabarmendu du.
Ohiko bertso saioa barik berezia izango dela dio: «Bertsolaritza eta historia bat egitea lortuko dugu». Guztira hamar txapel batzen dituzte sei bertsolariek: bi Amurizak (1980an eta 1982an), bat Lizasok (1986an), bat Lopategik (1989an), lau Egañak (1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean), bat Lujanbiok (2009an) eta bat Arzallusek (2013an).
Guztiak batera ikusteko sarrerak frontoiko leihatilan egongo badira ere, aldez aurretik ere eros daitezke Amaiur elkartean.