Emakume zuzendarien zinema lanak ikusgai izango dira Lizeon
Busturialdeko Kukubedarra taldeak emakumeek zuzendutako filmeen emanaldia antolatu du, Zinebi zinema jaialdiko antolatzaileen laguntzagaz. Aurten, bigarrenez parte hartzen du egitasmoan Zinebik, eta elkarlanak luzaroan irautea espero du Luis Egiraun ja...
Egiraunek azaldu duenez, aurten bi egunetan egingo dituzte filme emanaldiak. Lehenengo saioa etzi izango da, eta bigarrena hilaren 14an. Bi egun horietan, fikziozko sei lan, lau dokumental eta animazioko lau filme labur proiektatuko dituzte.
Horien artean, gainera, Euskal Herriko sortzaileek egindako lan bat ere proiektatuko dute Lizeo Antzokian. Hain zuzen, Maria Elorzak, Maider Fernandezek eta Aitor Gametxok zuzendutako Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa emango dute Gernika-Lumoko aretoan. Egiraunen berbetan, dokumental oso interesgarria eta berritzailea da. Izan ere, hizkuntza zinematografiko berria erabiltzen dute egileek.
Gainontzeko lanak ere maila handikoak direla esan dute antolatzaileek. Besteak beste, Greziako, Erresuma Batuko, Belgikako, Kanadako, Brasilgo, Mexikoko, Kroaziako, Alemaniako, Kubako eta Ukraniako egileen lanak izango dira ikusgai.
Antolatzaileek diotenez, mota guztietako gaiak lantzen dira filmeetan, baina emakumeen ikutua nabaria da guztietan. Lan guztiak Zinebiren 56. edizioan proiektatu zituzten lehenengoz. Hala, etzikoa zinemaz gozatzeko aukera aparta dela diote.
Zinema jardunaldien helburua, emakumeen lana bistaratzea eta emakumeak ahalduntzea dira. Zeregin horretan laguntzeko, zinema tresna oso eraginkorra dela deritzo Leire Saitua Kukubedarreko kideak.