1989. urtean hasi zuen Gernika-Lumoko Turismo Bulegoa zerbitzua ematen, eta 25 urte hauetan ia milioi bat bisitari izan dituela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen, lanean hasi ziren urte hartan 4.949 bisita izan zituela azaldu dute, eta, aurten, 60.985 bisitariri eman dio zerbitzua.
25 urte hauetan, gainera, hainbat baliabide turistiko zabaldu dituzte herrian, eta balioan jarri. 1991. urtean zabaldu zuten Euskal Herria museoa; 1998an Gernikako museoa, gerora, 2004an Bakearen Museoa izatera pasatu zena.
Eta urte horretan hasi zen Jai Alaiko zesta punta eskola bisitarientzako erakustaldi saioak egiten. Era berean, aipatu behar da 2012. urtean berreskurat zuela udalak Astran zegoen hegazkien kontrako babeslekua, eta fabrika bera kultur sorkuntzarako fabrika bihurtu zuela.
Kudeaketa arloan erelan handia egin du zabaldu zutenetik hona. 2005. urtean, esaterako, turismo kalitateko Q ziurtagiria jaso zuen. Zortzi urte geroago, 2013ean, Bikaintasunarekin konpromiso diploma eman zion Euskalitek. Turismo zinegotzi Begoña Landak adierazi duenez, «tresna estrategikoa da turismo bulegoa herriaren sustapenerako, bisitariek jotzen duten lehen atea delako».
Eta 25. urteurrena betetzen den honetan, sustapen- bideo bat kaleratuko dute, herriko interesguneak eta 25 urte jardunean daramatzaten ostalarien adierazpenak batuz, besteak beste.