Mutrikun alzheimerren gaitza dutenen familiak batzeko lokala zabalduko da
Urtarrilean zabalduko da lokal berria; Beheko Plazan, garai batean osasun etxean zegoen tokian. Zerbitzua astean behin emango da: martitzenero 10:00etatik 13:00etaraUrtarriletik aurrera, alzheimerren gaitza dutenen senitartekoek Mutrikun batzeko aukera...
Urtarrilean zabalduko da lokal berria; Beheko Plazan, garai batean osasun etxean zegoen tokian. Zerbitzua astean behin emango da: martitzenero 10:00etatik 13:00etara
Urtarriletik aurrera, alzheimerren gaitza dutenen senitartekoek Mutrikun batzeko aukera izango dute. Orain arte, harreta jasotzeko Eibarrera joan behar zuten.Lokal berria izango dena, atzo aurkeztu zuten. Garai batean osasun etxean izan zenean emango da hemendik aurrera AFAGIko (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) laguntza zerbitzua, Beheko Plaza, 8. lehen solairuan.
Lokala epe mugarik gabe esleitzea erabaki du Mutrikuko Udalak. «Beharra dagoela ikusi du- gu, eta udalak mutrikuarren kezka jaso du. Eskaera horren aurrean aukera zegoela ikusi eta proiektua aurrera eramatea erabaki dugu. Ez dugu pentsatzen arazo honekin amaituko dugunik, eta beti egongo da honetarako beharra», azaldu zuen Arrate Uranga Mutrikuko politika sozialeko buruak.
Alzheimerra dutenen familiei laguntza emateak berebiziko garrantzia duela azpimarratu zuen Koldo Aulestia AFAGIko presidenteak. «Ahalik eta herri gehienetara hurbiltzea beharrezkoa da. Orain arte, Debabarreneko zerbitzua Eibarren izan dugu. Felix Peñaren lanari esker, Mutrikuri ere bultzadatxo bat eman eta zerbitzua martxan ipintzea erabaki dugu bertoko jendearen eta udalaren interesa ikusi ondoren».
Herritarren eskaria
Eibarren modura, astean behin batuko dira Mutrikun ere. Martitzenero emango da zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara.
Eibarren orain arte egin izan ohi duten modura, Mutrikun ere, ordu eta erdiko arreta eskainiko diote familia bakoitzari. Zerbitzuaz baliatu nahi duten guztiek hitzordua aldez aurretik eskatu beharko dute, 943-29 71 18 telefonora deituta edota afagi@afagi.org posta elektronikora idatzita. Familia bakoitza bakarka hartuko dutela gogora ekarri zuen Aulestiak.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak alzheimerra dutenen familiei eskerrak eman nahi izan zizkien lokalaren aurkezpenean. Batez ere, Felix Peña herritarri, udal taldeari hainbat alditan eskaera egiteagatik. «Herri mailan burutzen ari den lana eskertzekoa da. Guretzat pozgarria da zuen lana erraztea. Arazoa ez da zuena, Mutriku osoarena baizik».
Alkateak mutrikuar guztien izenean AFAGI elkarteari ere eskerrak eman nahi izan zizkion, Mutrikun zerbitzua martxan ipintzeagatik. «Zerbitzua Eibartik Mutrikura ekartzea guretzako aurrerapauso handia da. Ordubeteko bidaia saihestea asko da herritarrentzat».