Nahiz eta hasieran azaroaren 24ean hastea aurreikusten zuten, Naturgasek hala erabakita, Bermeoko Alde Zaharreko hainbat kaleetako gas naturalaren horniketarako lanak urtarrilaren 7ra arte atzeratuko dituzte.
Alde Zaharreko Andra Mari, Aurrekoetxea, Bidebarrieta eta Talakoetxea kaleetan egingo dituzte lanak, hain zuzen ere. Gabonak direla eta, lanak eteteko asmoa agertu zuen Naturgasek, abenduaren 19tik urtarrilaren 7ra. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, «Naturgasek azaldu digunez, arazo teknikoak direla medio, Gabonetan Alde Zaharreko kaleak irekita egotea bermatzeko erabaki dute lanak urtarrilaren 7ra arte atzeratzea». Lanak, hasten diren egunetik hiru hilabetera amaitzea aurreikusten dutela azaldu dute.
Gas naturalaren horniketa sarea osatzeko egin behar dituzten lanak direla eta, Alde Zaharrean zirkulazio aldaketak egin beharko dituzte, eta kale batzuk, gainera, zenbait egunetan itxita egon beharko dute. Hala ere, herritarrak jakinaren gainean izan daitezen, seinalaztapen egokiak jarriko dituztela azaldu dute Bermeoko Udaletik.