San Nikolas jaietan murgilduko dira asteburuan elantxobetarrak
Herriko patroiaren jaia ospatuko dute elantxobetarrek asteburuan; hala, San Nikolas jaien aitzakian, giro apata egotea aurreikusten dute kostaldeko herri horretan. Hain zuzen, zapaturako, abenduaren 6rako, prestatu dute sanikolasetako egitaraua; hala ere, herriko gazteek barikutik domekara bitartean izango dute zabalik Makues taberna, jai giroa ziurtatuz.
Ohi legez, mezagaz hasiko dute eguna Elantxoben, eta horren ostesteko hamaiketakoak ez du hutsik egingo oraingoan ere. gainera, 2015eko egutegiaren aurkezpena ere egingo dute orduan.
Arratsaldean, berriz, ume zein nagusientzako ekintzak izango dira. Batetik, mus txapelketan parte hartu ahalko dute bikoteka Makues tabernara bertaratzen direnek. Aurretiaz zein egunean bertan izena emateko aukera izango dute parte hartzaileek. Udaletik azaldu dutenez, lehenengo hiru bikote sailkatuek jasoko dute dagozkien saria. Bestetik, ipuin kontalariaren saioa, merienda eta umeek egindako Gabonetako postalen aurkezpena izango dira aukeran 18:00etatik aurrera.
EGITARAUA
12:00etan. Meza nagusia, Zornotzako koruagaz.
13:00etan. 2015eko egutegiaren aurkezpena eta hamaiketakoa Elizabarrin.
17:30ean. Mus txapelketa arina Makues tabernan. Hiru jokora izango da. Izena ematea: aurretiaz Elantxobeko tabernetan edo Makues Tabernan ordu erdi lehenago. Bikote bakoitzak 10 euro ipini beharko ditu. Sariak: lehenengoentzat batutako diruaren %50a eta txapela; bigarrenentzat batutako diruaren %30a eta txanpan botila bat; hirugarrenentzat batutako diruaren %20a eta ardau onduaren botila bat.
18:00etan. Umeentzako ipuin kontalari den Gorgonio Renteria izango da Elantxobeko kultur etxean. Horrez gain, merienda jateko aukera izango dute bertaratutako bizilagunek. Ostean, umeek egindako Gabonetako postalen aurkezpena egingo dute, eta parte hartzaile guztientzako sariak banatuko dituzte.