2015. urterako aurrekontuaren zirriborroa egiten hasteko, lehenik eta behin auzotarrekin bilerak egin nahi ditu Busturiko Udalak. Hala, bihar eta etzi Axpeko eta Altamirako auzotarrekin hitz egiteko aukera izango du alkateak, horien premiak lehen eskutik ezagutzeko.
Aurrekontu parte hartzaileak bultzatzen ditu Busturiko Udalak, «aurrekontuak denonak eta denontzako izan daitezen», diote udaletik. 2015. urteari begira lanean hasi dira jada eta aurrekontuaren zirriborroa egiten hasteko, lehenik eta behin herriko auzoek dituzten premiak ezagutu nahi dituzte. Horregatik, auzotarrekin bilerak egingo dituztela zehaztu dute.
Bihar, Axpe auzoko bizilagunen txanda izango da, horiekin 19:30ean egingo dute bilera. Etzi, barikuan, ordu berean baina Altamirako Kultur Etxean auzo horretakoekin berba egiteko aukera izango dute. Modu horretan, bilera horietatik jasotako proposamenak ezagutuko dituzte, lehenetsi beharrekoak lehenetsi, eta 2015. urterako aurrekontuaren zirriborroa egiten has daitezke.