Ostalariek erakunde publikoen «babes eza» salatu nahi izan dute
Bostale elkarteak deituta, hamar minutuko «ixte sinbolikoa» egin dute ostalari askok. Helburua «ez da gehiago irabaztea, tabernak ez zarratzea baizik»Bostale elkartean biltzen diren Bermeoko ostalariek protesta egiteko tarte bat hartu zuten atzo go...
Bostale elkarteak deituta, hamar minutuko «ixte sinbolikoa» egin dute ostalari askok. Helburua «ez da gehiago irabaztea, tabernak ez zarratzea baizik»
Bostale elkartean biltzen diren Bermeoko ostalariek protesta egiteko tarte bat hartu zuten atzo goizean. Tabernak edota jatetxeak zarratu zituzten hamar minutuan, elkartuta, erakunde publikoetatik duten «babes eza» salatzeko. Bostale elkarteko kideek jakinarazi legez, «ixte sinboliko» horren bitartez, krisialdi aurrean euren artean dagoen elkartasuna adierazi nahi dute batetik, eta erakunde publikoetatik etorri behar diren laguntza errealen beharra aldarrikatu nahi dute bestetik.Bermeoko 50 ostalari inguru batzen ditu Bostale elkarteak, horietatik asko izan ziren atzo ixte sinbolikoan parte hartzera animatu zirenak. Erakunde publikoen, lokalen zein autonomikoen, babes eza salatzeko batu ziren, hain zuzen ere: «Arazoek modu ezberdinean kalte egiten die herriko gune ezberdinetan dauden ostalariei. Honekin, nahiz eta zenbait ostalariei arazoek zuzenean ez eragin, besteenganako elkartasuna agertu nahi izan dugu».
«Biziraun nahi dugu»
Bostaleren arabera, sektoreak ez du «inolako babesik», eta azkenaldian gertatuko zenbait ekintza eta erabaki aipatu dituzte: «Eusko Jaurlaritzatik erabakita, portuko tabernetako terrazen tasen igoera ulertezina, Bermeoko Udalaren ezetza terrazen tasak estutzeko, txosnen funtzionamendua erregulatzeko araudi baten gabezia edota herriko leku desberdinetara jaialdiak dibertsifikatzeko agertzen duten interes eza, besteren artean».
Azaldu dutenez, helburua ez da «gehiago irabaztea, bizirautea eta ez zarratzea baizik». Horregatik, «hitz politak» alde batera utzita, Bermeoko ostalariek praktikara eroango diren laguntza «errealak» eskatzen dizkiete erakunde publikoei.
Atzo egindako agerraldiagaz sektoreak bizi duen «egoera kritikoa» ezagutzera eman nahi izan dute ostalariek. «Berdin dio, gainera, herriko zein gunetan kokatuta dagoen taberna edo jatetxea».