Mutrikuarrek edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistema aukera dute
Edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistemak 1.915 boto jaso ditu. Bilketa mistoak 411 boto jaso ditu. Parte hartzera deituta zeuden 4.411 herritarretatik 2.337 herritarrek eman dute botoa (%52,96)1.915 bozkekin, edukiontzi bidezko hondakin bilketa hob...
Edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistemak 1.915 boto jaso ditu. Bilketa mistoak 411 boto jaso ditu. Parte hartzera deituta zeuden 4.411 herritarretatik 2.337 herritarrek eman dute botoa (%52,96)
1.915 bozkekin, edukiontzi bidezko hondakin bilketa hobetsi zuten mutrikuarrek. 4.411 herritar zeuden domekan hondakin bilketa sistema aukeratzeko bozketara deituta, eta haietatik 2.337 izan ziren botoa eman zutenak (%52,96ko parte hartzea). Bilketa mistoaren aldeko botoak 411 izan ziren.Aldez aurretik emandako botuak 732 izan ziren, eta 1.605 zuzenean. Boto zuriak lau izan ziren; zazpi balioagabeak.
Joseba Palenzuela alkate eta Hondakinen Batzordeko buruaren iritziz, «herritarrek erabaki dutena, bilketa nola egingo den izan da. Bilketa sistema hobetzeko egindako prozesu honen guztiaren helburua, ordea, ez zen sistema erabakitzea. Birziklatze-tasa %60koa izatea da mutrikuarrok lortu behar duguna».
Erabakia loteslea
Pozik agertu da Palenzuela herritarren parte hartzearekin. «Oso pozik gaude mutrikuarren parte hartzearekin: bai azken hilabeteetan martxan egon den parte hartze prozesuan, baita euren iritzia zein den erakusteko momentuan ere».
Bozka emateko eskubidea zutenen %25aren muga soberan gainditu du parte hartzeak, horrek erabakia loteslea izatea dakar. «Orain herritarrei arduraz jokatzeko eskatuko nahiko genieke, eta eurek hartutako erabakiaren koherente izateko; hau da, sistema berria martxan jartzean, herritarrek eurek erabakitakoa errespetatu beharko dute, ezarritako sistemaren arabera kudeatu beharko dituzte hondakinak».
Mutrikuko birziklatze tasa, gaur gaurkoz, %27koa da. «Gipuzkoa mailan gutxien birziklatzen dutenen artean gaude. Hori aldatu beharra dago, eta horretarako, herritarren inplikazioa guztiz beharrezkoa izango da».
Behin sistema erabakita, haren ezarpena eta jarraipena Hondakinen Batzordearen esku geldituko dira.
Horrez gain, helburua lortzen dela ziurtatzeko neurri zuzentzaileak ere ezarriko dituzte. «%60ko birziklatze tasa ez da aukera, helburua baizik. Sistema martxan jartzean tasa hori lortuko ez balitz, Mutrikuko Udalak egoera bideratzeko zer egingo duen edota nola jokatuko duen zehaztuko dugu», azaldu du Palenzuelak.