Mertzedeko eliza bete egin da Izarbideanen alde
Izarbidean elkartearen aldeko kontzertu solidarioak txiki utzi zuen zapatuan Mertzedeko eliza. Fair Saturday ekimenaren baitan, kontzertu berezia eskaini zuten Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari ohiak eta Mikel Ansola markina-xemei...
Izarbideaneko Olatz eta Luis Mari Egurrolaren aurkezpenagaz hasi zen ekitaldia, eta Martin Alberdi organojoleari egin zioten aipamen hunkigarriagaz eliza txalo zaparradaz bete zuen hasieratik.
Oraintsu berriztatu duten organoaren laguntzagaz bikote artistiko dotorea osatu zuten Iñigo Alberdi eta Maria Jesus Ugaldek, baina Markina-Xemeingo Mikel Ansola gazteak eta Xemein Abesbatzak egin zuten aportazioak ukitu are bereziagoa eman zion ekitaldiari. Izarbideaneko kideek loreak banatu zituzten, amaieran, parte hartu zuten artisten artean, eta Agur Jaunak kanta herrikoia abestuz itxi zen ekitaldia.
Izarbidean elkartea oso pozik agertu da ekimenak izan duen erantzunagaz. «Eskerrak eman nahi dizkiegu joan ziren guztiei, integrazioaren bidean honelako ekimenen aurrean gure herriko jendeak ematen duen erantzuna nabarmentzekoa delako», azpimarratu dute.