Giro onean ospatu dituzte San Andres eta Santa Katalina jaiak
Etxebarriko, Lekeitioko, Ibarrangeluko, Sukarrietako eta Bermeoko herritarrek San Andres Eguna ospatu dute asteburuan.Etxebarrian, esaterako, jai egun handia izan zen domekakoa. Goizean goiz hasita, bildutakoek ederto pasatzeko aukera izan zuten. Goize...
Etxebarrian, esaterako, jai egun handia izan zen domekakoa. Goizean goiz hasita, bildutakoek ederto pasatzeko aukera izan zuten. Goizean, esaterako, umeei zuzendutako herri kirolak eta rokodromoa antolatu zituzten.
Arratsaldeari briska txapelketagaz ekin zioten; hain zuzen, Alex Etxabek eta Ramon Mendioleak irabazi zuten. Umeentzako afari-meriendaren ostean, bestalde, jaietako kartel lehiaketaren sari banaketa egin zuten etxebarritarrek. Iluntzean, herriko nagusiek txerriki jana egin zuten.
Etxebarriako biztanleek aldarrikapenerako ere baliatu zuten San Andres eguna. Omenaldia egin zioten ikurrinari, eta euskal presoak izan zituzten gogoan.
Lekeition, Ibarrangelun, Sukarrietan eta Bermeon ospakizun xumeak egin zituzten. Hitzaldiak, musika saioak, karta jokoak, eta dantza saioak izan ziren herri horietan, besteak beste. Lekittoko Gaztetxekoek sanandresak berpizteko antolatutako ekitaldietan, esate baterako, hainbat lagun batu ziren.
Santa Katalina jaiak
Gizaburuagako herritarrek Santa Katalina jaia ospatu zuten herenegun. Mezagaz hasi ziren ospakizunak. Ostean, bestalde, herriko umeek barraskiloen zortzigarren lasterketan parte hartu zuten. Giro ederrean batuta, pozik ibili ziren parte hartzaileak. Ume guztiek jaso zuten oparia, baina barraskilorik azkarrena Ibai Ibarrarena izan zen.
Lasterketa amaituta, lagunarteko bazkaria egin zuten bildutakoek. Hain justu, 45 nagusi eta 15 ume inguru elkartu ziren, giro ezin hobean.