Aitor Arregik eraman du Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra
Film onenaren saria eta Zuzendaritza Saria ere irabazi ditu oñatiarrak. Aitor Gametxo lekeitiarrarentzat izan da amateurren arteko Zuzendaritza SariaAitor Arregi oñatiarrak eraman ditu aurten Euskal Zine Bilerako sari nagusiak. Joan den zapatuan bana...
Film onenaren saria eta Zuzendaritza Saria ere irabazi ditu oñatiarrak. Aitor Gametxo lekeitiarrarentzat izan da amateurren arteko Zuzendaritza Saria
Aitor Arregi oñatiarrak eraman ditu aurten Euskal Zine Bilerako sari nagusiak. Joan den zapatuan banatu zituen Lekeitioko 37. jaialdiak bilerako lan onenak aitortzen dituzten Antzarrak, eta Zarautzen erosi zuen filmak eraman zituen garrantzitsuenak: Zuzendaritza ataleko profesionalen zilarrezko antzarra eta film onenaren urrezkoa. Unai Garate nagusitu zen bestetik, amateurretan. Bilbotarraren Ordu erdi izeneko lanarentzat izan da film onenen arteko beste urrezko antzarra.Herritar bat ere saritu du oraingoan zine bilerak. Aitor Gametxo lekeitiarraren Bere bizitzetako bat filmak Zuzendaritza Saria eskuratu du amateur mailan. Aurretik ere parte hartu izan du lekeitiarrak EZBran, baina estreinakoz bakarrik aurkeztu da oraingoan Gametxo. Lagunekin bidaia batean sortu zitzaion ideia. Jendearen egunerokotasuna eta keinu txikiak harrapatu eta begiraden inguruko saiakera bat osatu zuen. Euskal Zine Bilerara aurkezteagaz gain, bileraren iragarkia ere berak egin du aurten.
Gazte 22 saria ere eman du Euzkal Zine Bilerak beste urte batez. Zinegile gazteen lana bultzatzeko asmoz sortutako saria, oraingoan, Areatzako Itsaso Etxebarriarentzat izan da Positibatzea lanagaitik.
Bestalde, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana ere saritu dute estreinako. Leintz-Gatzagako Ainhoa Garciaren Anonymous, itxurakeria eta gezurraren inguruko ama-alaben istorioa, aukeratu dute Antzar Morea jasotzeko.
Epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin die, bere originaltasunagatik, Asier Altunaren Soroa eta Urko Olazabalen Udaleku zombi jatorria lanei.
Jai handiagaz amaitu da aurten ere inoizko parte hartze handiena izan duen euskal zinearen jaialdia. 48 lan ikusteko aukera izan dute zinemazaleek, baina, filmak ikustea baino gehiago izan da aurtengo bilera. Lekeitio zinemaz jantzi da, eta euskal zinemagintzaren bilgune izatera itzuli da berriz. Izan ere, aurtengo bileragaz amaitzeko Lekeitioko Berbaldia deitu dioten jardunaldia egin dute, zinema ikusteagaz gain, hobeto ulertzeko.