650 lagunek parte hartu dute Ziortza-Bolibarko mendi martxan
Eguraldia lagun ez izatea ez zen aitzakia nahikoa izan ziortza-bolibartarrak etxean geratzeko. Izan ere, aurreko urteetan bezala, aurten ere, herriaren desanexioaren urteurrena ospatzeko mendi martxa egin dute herritarrek Ziortza-Bolibarren, udalaren l...
Domekan egin zuten martxa, eta goizean goizetik bildu ziren herritarrak. Ibiltzen hasi aurretik, indarrak hartzeko gosarian bildu ziren parte hartzaileak. Hala, martxari «umoretsu» ekin zietela jakin eragin dute antolatzaileek.
Behin martxa eginda, bazkaria jateko ere batu ziren berriro parte hartzaileak. Herritarrek egindako indar eta odolosteak eduki zituzten bazkaltzeko, eta 140 lagun izan ziren frontoian elkartu zirenak. Bapo janda, musikagaz girotu zituzten bazkalosteko orduak.
Oro har, mendi martxa urterik urte egonkortzen doan ekimena da. «Urtez urte gero eta dimentsio handiagoa ari da hartzen». Aurten ere, parte hartze aldetik, arrakasta handia izan du Ziortza-Bolibarko mendi martxak; izan ere, Lea-Artibai eta Busturialdetik ez ezik, Bizkai osotik, Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Errioxatik, Kantabriatik eta beste hainbat txokotatik etorritako lagunek parte hartu dute.
Talde handia lanean
Mendi martxa egiteko talde handi batek lan egiten duela gaineratu dute. «Talde hori aritzen da laguntzen». Horiei guztiei eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete Aranbaltzeko kideek. «Eta noski, ekimenean parte hartzera etorri diren mendizale guztiei ere eskerrak ematen dizkiegu».
Aranbaltzek ekimenaren momentuko balorazio positiboa egin badu ere, aurrerago balorazio zehatzagoa egingo dutela aurreratu dute. Hain zuzen, «jendearen ekarpenak jaso ostean» egingo dute hori.