Partidari buelta ematekotan izan arren, garaipen barik bueltatu da Gernika Bizkaia
Gernika-Lumoko saskibaloi taldea balentria handia egitekotan izan zen asteburuan. Ferrolgo (Galiza) taldearen kontra alde handiagatik galtzen joan ostean, partidari buelta ematekotan izan ziren bertokoak. Ferrolek, hala ere, hiruko jaurtiketei esker lortu zuen garaipena poltsikoratzea. Sei partida irabazita, momentuz, Gernika-Lumokoak bosgarren postuan dira.
Partidako lehen minutuetan gernikarrek aurrea hartzea lortu zuten, Mosbyk eta Miller-ek egindako lanari esker. Mosbyk, esaterako, lehen laurdenean lortutako 19 puntuetaik 13 egin zituen. Hain zuzen, 15-19 amaitu zen lehen laurdena.
Bigarren laurdenean, bi taldeak aritu ziren txarto. Jabetza asko galdu, eta jaurtiketa asko hutsegin zituzten. Azkenean, bigarren laurdena 32nako berdinketagaz amaitu zen.
Hirugarren laurdenean Ferrolgo taldea hiruko jaurtiketetan asmatzen hasi zen, markagailuan aldea zabalduz. 17-0ko partziala lortuta errenta handia lortu zuten galizarrek.
Azken laurdena ere ez zen ondo hasi gernikarrentzat. Ferrolek partidako alderik handiena lortu zuen 63-47 jarrita. Garaipena garesti zegoen, baina bertokoek ez zuten etsi. Hala, partida amaitzeko bi minuturen faltan, hiru puntuko bakarrik errenta zeukan Ferrolek.
Azken bi minutuetan, baloi jabetza erabakiorrak galdu zituzten gernikarrek. Ferrolek, bestalde, ez zuen hutsik egin.