Urdulizen lehiatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan 495,5 puntu lortuta, Onintza Enbeita bigarren sailkatu zen, Etxahun Lekueren atzetik. Muxikarra, hortaz, puntuazioaren zain dago finalean izango den jakiteko.
Puntuazioaren zain egon beharko duen arren, baina, litekeena da Enbeita finalean izatea, marka oso ona lortu baitzuen Busturialdeko bertsolariak. Lehen finalaurrekoan, esaterako, Fredi Paia bigarren sailkatuak 474,5 puntu eskuratu zituen. Hala, puntuazioaren zain daudenen artean, Enbeitak lortu du emaitzarik hoberena.
Urdulizko bigarren finalaurrekoan, Julen Erezuma ere aritu zen bertsotan. Gernikarrak, baina, ez zuen asmatu, azken postuan sailkatuz.
Azken finalaurrekoa, abenduaren 7an izango da, Zornotzan, 17:30etik aurrera. Orduan erabakiko da finalean zein bertsolari ariko diren.