Zapatuan, Bermeon egindako ekitaldian egin zuen EH Bilduk Bidegurenen alkategairako aurkezpena. Herritarren eta udal gobernuaren babesa izan zuen Bidegurenek zapatuko ekitaldian. Ekitaldia legealdi honetan abian jarritako proiektuen bideo emanaldi batekin hasi zen. 2011tik egun arte, Bilduren erronkak “bermeotarren beharrizanei erantzutea eta Bermeoko etorkizuna lantzea” izan direla azaldu du egungo alkateak.
Une “onak zein txarrak” bizi izan dituztela gogorarazi du Bidegurenek, guztietatik “zerbait berria” ikasi dutela aipatuta: “elkarlana eta partaidetza oinarri izanik, egoera ezberdinei ahalik eta hoberen erantzuten saiatu gara”. Bestalde, “zailtasunak zailtasun, oztopo guztiei aurre egin dietela” azaldu du. Haren hitzetan, “arazoak ez ditugu aukeratzen, baina bai horren aurrean izan beharreko jarrera. Gurea argia izan da: irtenbideak bilatu eta aurrera begiratu”.
“Alderdikeriak” alde batera utzita, politika egiteko beste modu bat izan dute eredu Bidegurenen arabera, “herriaren interesagatik eskua luzatu dugu elkarlanerako”. Bilduren helburuak hurrengoak izan eta izango direla aipatu du Bidegurenek: “tokiko garapena bultzatzea, desoreka sozialei aurre egitea, herritarren ongizate maila hobetzea, herritar guztiak kulturaren jabe eta parte izatea eta antolamendu modernoa”. Esparru horietan dagoeneko “asko” egin dutela zehaztu badu ere, “oraindik asko dutela egiteko” gaineratu du, “eta hori beti ere herritarren eskutik” egingo dutela aipatuta.
Hala, herritarren partaidetza sustatzen jarraituko dutela esan du eta “gardentasunaren eta komunikazioaren aldeko apustua” egiten jarraituko dutela azalduta. Izan ere, “herritarren parte hartze aktiboarekin, antolakuntza modernoa dute erronka nagusi”.