Bostale elkartean biltzen diren Bermeoko ostalariek protesta egiteko tarte bat hartu dute gaur goizean. Tabernak edota jatetxeak zarratu dituzte hamar minututan, elkartuta, erakunde publikoetatik duten «babes eza» salatzeko. Bostale elkartetik jakinarazi legez, «ixte sinboliko honen bitartez, krisialdi aurrean gure artean dagoen elkartasuna adierazi nahi dugu batetik, eta bestetik, erakunde publikoetatik etorri behar diren laguntza errealen beharra aldarrikatu nahi dugu».
Bermeoko 50 ostalari inguru batzen ditu Bostale elkarteak, horietatik asko izan dira gaurko «ixte sinbolikoan» parte hartzera animatu direnak. Erakunde publikoen, lokalen zein autonomikoen, babes eza salatzeko batu dira, hain zuzen ere: «arazoek modu ezberdinean kalte egiten die herriko gune ezberdinetan dauden ostalariei. Honekin, nahiz eta zenbait ostalariei arazoek zuzenean ez eragin, besteenganako solidaritatea agertu nahi izan dugu».
Bostaleren arabera, sektoreak ez du «inolako babesik» eta azkenaldian gertatuko zenbait ekintza eta erabaki aipatu dituzte: «Eusko Jaurlaritzatik erabakita, portuko tabernetako terrazen tasen igoera ulertezina, Bermeoko udalaren ezetza terrazen tasak estutzeko, txosnen funtzionamendua erregulatzeko araudi baten gabezia edota herriko leku desberdinetara jaialdiak dibertsifikatzeko agertzen duten interes eza, besteren artean».
Azaldu dutenez, helburua ez da «gehiago irabaztea», «bizirautea eta ez zarratzea baizik». Horregatik, «hitz politak» alde batera utzita, Bermeoko ostalariek praktikara eroango diren laguntza «errealak» eskatzen dizkiete erakunde publikoei. Gaur egindako agerraldiarekin, ostalariek sektoreak bizi duen «egoera kritikoa» ezagutzera eman nahi izan dute, «berdin dio, gainera, herriko zein gunetan kokatuta dagoen taberna edo jatetxea», azaldu dute.