Berdinak izan bagarelako
III. Berdintasun Plana onartu berri du Gernika-Lumoko Udalak, lau urterako. Aurrekoen segida den plan horrek gizartean eragitea du helburu: balioak aldatzea eta indarkeria desagerraraztea.Gobernantzan aurrerapausoak ematea, balioak aldatzea eta emakume...
III. Berdintasun Plana onartu berri du Gernika-Lumoko Udalak, lau urterako. Aurrekoen segida den plan horrek gizartean eragitea du helburu: balioak aldatzea eta indarkeria desagerraraztea.
Gobernantzan aurrerapausoak ematea, balioak aldatzea eta emakumeen kontrako indar- keria desagerraraztea.Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Gernika-Lumoko Udalak aurrera eramango dituen jardueretan izango dituen jarraibideak eta gida lerroak ezarri gura ditu Gernika-Lumoko udalbatzak onartu berri duen III.Berdintasun Planak. Berdintasunerako teknikari Ixone Badiolak azaldutakoaren arabera, berdintasun politiken inguruan udalak garatzen dituen programen kudeaketa, jarraipena eta ebaluazioa koordinatzeko dokumentua da Berdintsaun Plana.
Izan ere, aurrerapausoak eman diren arren, zerbitzu publikoetan genero ikuspuntua txertatzen jarraitu beharra dago. Era berean, udal administrazioko arlo guztietan emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzeko oinarrizkoak diren irizpideak zehaztea ere badu helburu Gernika-Lumoko udalak garatutako III. Berdintasun Planak.
Antolaketa erantzukidea
Beste alde batetik, Gernika-Lumoko emakumeen egoera orokorra eta aukera berdintasunaren hobekuntza sustatzeko xedea ere badu, Badiolak esan duenez. Horretarako, balioak aldatzeko beharra jaso du dokumentu berriak: emakumeen ahalduntzea eta gizarte antolakuntza erantzukidea. «Gizartea aldatzen doan heinean, berau osotzen dugun pertsonen balioak, eta baita emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko balore androzentriko batzuk aldatu baditugu ere, beste batzuk aldatzeke daude oraindik».
Eta aldaketa horiek bultzatzeko, herriko hezkuntza erakunde eta emakume elkarteekin elkarlanean ari da Gernika-Lumoko Udala.
Azken batean, Gernika-Lumoko gizartean antolaketa erantzukidea sustatu gura dute.
Elkarlana
Era berean, emakumeen kontrako indarkeriaren sentsibilizazioa, prebentzioa eta arreta koordinatzea da onartu berri duten planaren beste eginkizunetako bat. Eta emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea litzateke helburua.
Berdintasun teknikariak dioenez, «indarkeria arloan, arreta zuzena ezinbesteko da, eta hainbat profesionalek osatutako lan sare teknikoa erabiltzen dugu horretarako. Indarkeria egoerei aurrea hartzeko sentsibilizazio eta prebentzio lana ere egiten dugu, komunitate mailan». Lan hori egiteko, elkarlana ezinbestekoa dela dio Badiolak; eta, aurrekoek bezala, III. Berdintasun Planak ere udaleko politikoekin, udal langileekin, elkarteekin, gizarte eragileekin eta hezkuntza erakundeekin batera lan egitea aurreikusten du.
Protokoloa
Lau urterako plana da Gernika-Lumoko udalak orain onartu duena, baina urteak daramatza arlo horretan lanean.
2001. urtean onartu zuten lehenengo plana; orduan emakumeentzako udal zerbitzua zenak ekintza positiborako udal plana ipini zuen martxan. Horren baitan, familia plana, arretarako protokoloa eta aholkularitza psikologikoa landu zituzten, besteak beste.
2007. urtean Emakumeen berdintasunerako udal zerbitzuak II. Plana aurkeztu zuen, lau urtean garatzekoa. Eta urte horretan hasi ziren eskualdeko herri txikiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean. Herrietan berdintasunaren diagnosia egin zuten lehenbizi, eta handik eratorritako emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana onartu zuten 2008. urtean.
2010eko azaroan, berriz, indarkeria kasuetan jarraitu beharreko protokoloa adostu eta sinatu zuten hemezortzi udalerrik, indarkeriaren biktima diren emakumeei «erantzun aktiboa» emateko.
Lan horretan, eskualdeko agenteekin eta erakundeekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu zuten Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko hemezorzti udalerriek; tartean, Gernika-Lumok. Hala, Osakidetzako, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko eta Ertzaintzako ordezkariek ere protokoloa sinatu zuten. Epaitegiarekin eta Udaltzaingoarekin ere elkarlanean ari dira horiek guztiak, protokoloaren barruan.