Berbaldi berezi bategaz helduko da azkenera Euskal Zine Bilera
Ikuskizun bereziagaz amaituko da zapatuan 37. Euskal Zine Bilera. Azken hamabi filmak emango dituzte gaur 19:30ean Ikusgarrin, eta sariak banatuko dituzte zapatuan. Aurtengo bileragaz amaitu aurretik baina, bilera izaera hori azpimarratzeko asmoz, Leke...
Bi ekimenek osatuko dute Lekeitioko Berbaldia: Euskal Gatazka Zinemagintzan hitzaldiak eta Zinema ikusi eta ulertu. Nola? mahai inguruak. Euskal zineaz eta zinemagintzaz orokorrean arituko dira 10:30ean hasiko den mahai inguruan esparruko adituekin. Aurtengo edizioan, Aitor Arregik, Ane Muñoz, Mikel Garciak, Begoña del Tesok eta Mikel Garciak hartuko dute parte. Hitzaldia bestalde, 12:30ean hasiko da.
«Franko bizirik zela euskararen zapalkuntza garaietan sortu zen Euskal Zine Bilera. Euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzea zen helburua, zinezale eta euskaltzaleak elkartzea, biltzea. Traba askorekin hasieran, baina aurrera egin du urtez urte Lekeitioko Euskal Zine Bilerak», adierazi dute antolatzaileek. 2008tik gainera Euskal Zine Bileraren antolatzailea Lekeitioko Udala dela gogora ekarri dute.
Amaiera ekitaldia
Tessa Andonegi, Miren Gaztañaga, Eneko Gil, Gabriel Ocina eta Miren Gojenola aktore taldeak gidatuko du amaiera ekitaldia. Aurten, gainera, saridunek berba batzuk esateko aukera izango dute. Hamar sari banatuko dituzte aurtengo 48 parte hartzaileen artean. Zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia eta film onena sarituko dituzte. Horretaz gainera, Gazte 22 saria emango dute aurten ere, bai eta Antzar Morea sari berezia ere. 19:30ean izango da azken hitzordua.