San Andres jaiek girotuko dute asteburua
Herriko jai nagusia dute Etxebarrian. Lekeitioko San Andres auzoan, Bermeon, Ibarrangelun eta Sukarrietan ere santuaren eguna ospatzeko jarduerak antolatu dituzteAsteburu honetan San Andres jaien txanda izango da. Etxebarriakoek herriko jai nagusia dut...
Herriko jai nagusia dute Etxebarrian. Lekeitioko San Andres auzoan, Bermeon, Ibarrangelun eta Sukarrietan ere santuaren eguna ospatzeko jarduerak antolatu dituzte
Asteburu honetan San Andres jaien txanda izango da. Etxebarriakoek herriko jai nagusia dute, eta egitarau zabala antolatu dute domekarako. Bestalde, Lekeitioko San Andres auzoan, Bermeon, Ibarrangelun eta Sukarrietan ere santuaren eguna ospatuko dute.Egun handia izango da domekakoa etxebarritarrentzat. Urtero modura, frontoia izango dute bilgune guztiak batera herriko jai nagusia ospatzeko. 11:00etako mezaren ostean buztinezko saioa izango dute Rosa Mari Etxaberen eskutik, eta umeentzako herri kirolak eta rokodromoa arratsaldean. Nagusiek, betiko legez, briska txapelketa jokatuko dute 16:00etatik aurrera.
Umeentzako afari-merienda hasi aurretik, jaietako kartel lehiaketako sari banaketa egingo dute, frontoian bertan egongo dira ikusgai aurtengo parte hartzaileen lanak. 20:00etan hasiko da nagusien jana.
Urteroko ohiturari jarraituz, taloa eta txerrikiak izango dira afariaren muina. Horrela, odolosteak, urdaiazpikoa eta txorizoa edukiko dituzte afaltzeko. Ez dira faltako ezta gazta eta gaztaina erreak ere. Hori guztia prestatzeko lanean ibiliko dira arratsalde osoan herriko andra-gizonak.
Bestalde, San Andres Eguna aukeratu dute etxebarritarrek ikurrinari omenaldia egiteko. Meza ondoren eskola aurrean batuko dira herritarrak omenaldirako. Ondoren, bertsolariak, alderdien irakurketa, ikurrinaren dantza herrikoia eta ikurrina igotzea egingo dituzte, txalaparta eta soinuagaz.
Ikurrinak balkoietara ateratzeko gonbitea egin dute ekitaldiaren antolatzaileek, eta salgai ere izango dituztela jakitera eman dute. Udaletxean eta bariku arratsaldean Olaia aurrean jarriko duten postuan, 18:00etatik 20:00etara, eskuratu ahalko dira ikurrinak.
San Andres auzoa girotzen
Azken urteetan indar apur bat galdu duten arren, urte askotan ospatu dituzte jaiak Lekeitioko San Andres auzoan, eta aurten Lekittoko Gaztetxekoek «euren alea jarri» eta berriro indartu nahi izan dituzte.
Azken lau urteetan Txikirri-Txikirri txaranga egon izan da San Andres Egunean bertan, baina aurten, horretaz gainera, egitarau berezia prestatu dute bezperarako.
Plaza Baltzean hasiko da jaia, zapatuan, 10:00etan, eta gaztetxean egingo den hitzaldiagaz jarraituko du. Via Campesina eta Libre mugimenduko Rafael Alegriak Ertamerikako aldaketak eta iraultzak izeneko hitzaldia eskainiko du 12:00etan. Arratsaldean, berriz, erraldoiak eta buruhandiak eta erromeria egongo dira santuen plazatxoan, gaztaina erreekin eta txokolateagaz lagunduta.
Asteburu osoan, gainera, auzoko argazki zaharrak ikusteko aukera egongo da, gaztetxean jarriko duten erakusketan.
Txapelketak Ibarrangelun
Busturialdeko zenbait herritan ere San Andres santuaren eguna ospatuko dute. Ibarrangelun, esaterako, bezperan batuko dira. Hala, 17:00etan, herritarrek briska txapelketa (Kultur Etxean) edota mus txapelketa (Elixalden) izango dituzte aukeran. Txapelketen ostean, Don Domingoren otzara zozkatuko dute. Gauean, berriz, trikitilariek alaituko dute Elixaldeko giroa. Domekan, azkenik, 11:00etan, meza izango dute.
Sukarrietan, bestalde, 12:30erako mezarekin emango diote hasiera San Andres egunari. Mundakako Abesbatzak parte hartuko du horretan. Ondoren, 13:00etan, Busturiko Irrintzi Alai dantza taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera edukiko dute batutakoek. Amaitzeko, mokadurako uneari emango zaio pasu.
Azkenik, Bermeon, meza entzuteko aukera egongo da domekan, 13:00etan, Almika auzoan.