Janari bilketa bereziak egingo dituzte Ondarroan eta Mutrikun
Ondarroako Danonartin elkarteak azaroaren 28an eta 29an janari bilketa berezia egingo du, hirugarren urtez. Janari dendetan bilketa egiteaz gain, Ondarroako hainbat tokitan janaria biltzeko kutxak ipiniko dituzte .Ondarroako hiru ikastetxeetako ikaslee...
Ondarroako hiru ikastetxeetako ikasleek egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute, hurrenez hurren. Ikasleek euren ekarpena egin ahalko dute. Horrez gain, Berdura Plazako bi sarreretan, Alamedan, San Inazio kalean (Badi’s aurreko plazan) eta Iturribarri kalean (Zaton dendaren aurrean) janari bilketa puntu bereziak ipinita egongo dira.
Gurutze Gorriaren eta Ondarroako Udalaren laguntza izango dute janari bilketan. Ondarrutarren eskuzabaltasuna handia dela nabarmendu dute. «Iazko kanpainan 2.200 kilotik gora batu genituen».
Gabonetako bilketa berezia
Modu beretsuan, Mutrikuko elikagaien bankuak Gabonetako janari bilketa berezia egingo du. Azaroaren 28an, 09:00etatik 21:00etara, DIA supermerkatuan, aparteko janari bilketa egingo dute. Oinarrizko janarien bilketa egingo dute, batez ere.
Umeentzako janariari dagokionez, erostekotan, fruta edo arraina dutenak erosteko eskatu zaie herritarrei. «Haragia dutenak Europatik jasotzen ditugu», azaldu dute. Pardelak ere oso beharrezkoak direla gogoratu dute.
Lekaleak eta barazkiak kontserban ematea komenigarriagoa dela aurreratu dute Mutrikuko taldeko kideek. «Izan ere, familia askok ez dauka elektrizitatea ordaintzeko ere. Beraz, sukaldatu beharrean berotu baino egin behar ez den janaria asko eskertzen dira».
5.000 kilo helburu
Mutrikun biltzen den janari guztia Bergarako bankura bidaliko dute, eta handik herri guztietan banatuko dute bakoitzaren beharren arabera.
Joan den urtean, Gipuzkoan 350.000 kilo janari batu zituzten; eta horietatik 4.905 kilo Mutrikun batutakoak izan ziren. Aurten, Mutrikun 5.000 kilotara heltzea da helburua. Amaitzen ari den azaro honetan, 46 familiari lagundu diote.