Ibon Iparragirre preso politikoa jipoitu egin dute Alca Mecon
Zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute presoaren senideek. Martitzeneko gertaeraren ostean, «preso gaixoak etxeratzea beharrezkoa» dela dioteIparra Galdu Baik plataformak jakin eragin duenez, Iparragirre Alcala Mecon (Madril...
Zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute presoaren senideek. Martitzeneko gertaeraren ostean, «preso gaixoak etxeratzea beharrezkoa» dela diote
Iparra Galdu Baik plataformak jakin eragin duenez, Iparragirre Alcala Mecon (Madril) preso dagoen preso sozial batek jipoitu zuen martitzen arratsaldean.Presoaren senideek martitzen iluntzean HITZAri jakin eragin ziotenez, zigarro bat izan zen liskarraren iturria.
Iparragirrek berak deitu zion martitzenean bikoteari. «Erizaindegitik deitu du Ibonek. Zigarro bat eskatu dio preso sozial batek, eta Ibonek bi zigarro zituenez, ezetz erantzun dio. Erantzun horren aurrean, besteak jo egin duela esan du Ibonek. Bere ikusmen arazoengatik ez daki nork jo duen», esan du Jon Kirru Iparragirre preso politikoaren anaiak.
Senideek martitzenean 20:00ak inguruan eduki zuten berriaren berri, baina, zehatz esateko, ez dakite noiz gertatu zen gertakaria ez eta Iparragirrek zer nolako zauriak dituen ere, «ezer gutxi esan digu». Telefonoz deitzerakoan, preso ondarrutarra oso urduri sumatu zuten senideek.
Babesa, ezinbestekoa
Martitzeneko gertaeraren ostean, informazio gutxi dute Iparragirreren senideek. Angelita Burgoa Iparragirreren amak Ane Ituiño abokatuaren eskuetan utzi ditu egiteko eskaera guztiak. «Gaur bere osasun egoera berri izaten saiatu gara, baina ez dugu ezer jakiterik lortu», adierazi zuen atzo azken orduan presoaren abokatuak.
Izan ere, beste preso batek jipoitu eta gero, senideek «ezer gutxi» dakite euren senidearen osasun egoerari buruz. Kezkatuta daude, nola egongo ote den jakinminagaz. «Erizaindegitik deitu bazuen, ez du gauza onik izango. Oso urduri sumatu genuen, eta horrelako egoerak ez zaizkio bat ere komeni», adierazi du Gotzon Iparragirre Ibonen anaiak.
Preso ondarrutarrak jasotako jipoia eta gero, zapatuan Bilbon preso gaixoen alde egingo den manifestazioak berebiziko garrantzia duela azpimarratu dute Iparra Galdu Baik eta Ondarroako preso politikoaren senideek. «Deialdia martitzeneko gertakaria gertatu baino lehen egina zegoen. Baina, atzoko jipoiaren ostean, argi eta garbi uzten dugu zelako garrantzia duen zapatuko manifestazioak. Garrantzitsua da preso guztiak, eta, bereziki larriki gaixorik daudenak, euren etxeetan egotea, edo gutxienez Euskal Herrian».
Presoak babestuta sentitu daitezkeen giro batean egotea ezinbestekoa dela deritzote, «bakoitzak behar duen tratamendua jasotzen».
Manifestazioa Bilbon 17:30etan Bihotz Sakratuaren enparantzatik aterako da Giza eskubideak errespetatu. Gaixo diren presoak etxean eta bizirik lelopean. Iparragirreren senide eta lagunek euskal jendarteari Bilbora joateko deia egin diete.
Ondarroatik plataformak berak antolatuta zapatuko manifestaziorako autobus bat prestatu da, esate baterako. Anaitasuna eta Kulixka tabernetan eman daiteke izena. Inguruko herrietan ere, manifestaziora joateko autobusak antolatu dira.
Plataformako kideek eta bereziki Iparragirreren senideek manifestaziora joatea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu dute. «Lehenengoko ekimena izango da Bizkaiko preso gaixo larrien plataformako kideok antolatzen duguna. Gure ustez, oso garrantzitsua da horri guztiari hasiera bat ematea, eta gerokoan jarraipena ematea. Hasiera denez, sekulako garrantzia du guretzat».
Azken bariku berezia
Herrirak gogoratu du hileroko azken barikuko Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko elkarretaratzeek preso gaixoak izango dituztela gai nagusi. Hainbat herritan egingo dituzte elkarretaratzeak.