![2014KO_LEHEN_ANTXOA_ONDARR](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2014/11/2014KO_LEHEN_ANTXOA_ONDARR-300x225.jpg)
Juvena 2014 kanpainaren arabera, azken urteetako antxoa kopururik handiena dago Bizkaiko Golkoan. Hala, gaur datuok aurkezteko egindako prentsaurrekoan, antxoaren biomasa «maximo historikoetan» dagoela aipatu dute. Hain zuzen ere, irailean, 724.000 tona antxoa gazte zeudela azaldu dute.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek, «gure kostaldeko antxoaren egoera osasuntsua» berretsi du eta emaitzok «euskal arrantzaleei modu jasangarrian» arrantzatzen jarraitzeko aukera ematen dietela esan du.
2003an hasi ziren Juvena kanpainarekin, eta ordutik inoiz emandako biomasa zabalena neurtu dute. Irailean, 724.000 tona antxoa gazte zeuden. Aurtengo datuak bataz bestekoa baino lau aldiz handiagoak direla aipatu dute. 2015. urtera begira, Europar Batasuneko Ministro Kontseiluak antxoaren arrantza kuota 24.000 tonara artekoa izatea erabaki dezakeela iragarri dute Jaurlaritzatik, «aurten baino 6.000 tona gehiago».
Aurtengo kanpainan, 12.620 tona antxoa lehorreratu dituzte euskal portuetan eta kiloko batez besteko prezioa 1,76 eurokoa izan da.