Indarkeria sexista gaitzetsi dute
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat herritar kalera atera ziren atzo goizean zein arratsaldean protesta egiteko. Atzoko jardueretan kolore morea izan zen protagonista nagusia.Emakumeen kontrako edozein adierazpen sexista eta matxista salatze...
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat herritar kalera atera ziren atzo goizean zein arratsaldean protesta egiteko. Atzoko jardueretan kolore morea izan zen protagonista nagusia.
Emakumeen kontrako edozein adierazpen sexista eta matxista salatzeko elkarretaratzeetan bildu ziren atzo, azaroaren 25ean, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat herritan. Umeak zein nagusiak protesta egitera atera ziren atzo kalera. Berriatuan, esaterako, eskolako ume, irakasle eta gurasoak batu ziren, udaletxe aurrean. Elkarretaratzeaz gain, naziorteko egunagaz lotutako abestia abestu zuten.Globo eta puntu moreak izan ziren atzo, bi eskualdeotako kaleetan protagonista nagusiak. Hainbat ikastetxeetan kolore horretako globoak banatu zituzten.
Beldur Barik sariak
Gernika-Lumon, bestalde, Beldur Barik lehiaketako sariak banatu zituzten atzo. Lau taldek parte hartu dute aurten lehiaketan, bi kategoritan banatuta. Lehenengo kategorian (12-17 urte artekoak) lan bakarra aurkeztu dute. Hortaz, Olatz Irusta eta Maddalen Omaetxebarriaren Beldur bako sorginak! lana izan da saritu dutena. Bigarren kategorian (18 eta 26 urte artekoak), berriz, hiru taldek parte hartu dute, eta, horien artean, Esan ez! lana hautatu du epaimahaiak irabazletzat. Hain zuzen ere, Jessica Hernandezek, Elizabeth Urrutiak, Asier Lopezek, Aiert Uribek, Irantzu Olarretak eta Olaia Uriartek osatutako taldeak jaso du bigarren kategoriako saria. Gainontzeko lan bien egileak (No te calles eta No des un paso atras), hala eta guztiz ere, ez dira esku hutsik geratu.