Aldundiaren aginduz, herriko zenbait seinale kendu behar izan dituzte
Aulestiko eta Nabarnizko udalek jaso dute aldundiaren agindua. Nabarnizen jabari publikoko bideetatik kendu eta herriko sarreretan jarri dituzte seinaleok. Aulestin ere laster egingo dute.Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduz, Aulestin eta Nabarnizen zenba...
Aulestiko eta Nabarnizko udalek jaso dute aldundiaren agindua. Nabarnizen jabari publikoko bideetatik kendu eta herriko sarreretan jarri dituzte seinaleok. Aulestin ere laster egingo dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduz, Aulestin eta Nabarnizen zenbait seinale kendu behar izan dituzte. Errepideetarako aldundiak duen foru araua betetzen ez dutela argudiatuta kenduarazi dizkiete aipatu seinaleak; batean zein bestean, jabari publikoko bideetan izan dituzte jarrita seinaleak, eta aldundiaren ustez, ez dute errepidearengandik izan beharko luketen distantzia betetzen.Aulestin, esaterako, herrira sartzen ari zarela adierazten duten seinaleak «barriztu» baino ez dituzte egin, bertako alkate Mikel Ansotegiren arabera. «Ez dugu seinale barririk jarri, aurrekoak zaharkituta, zulotuta eta herdoilduta egon direlako barriztu ditugu», azaldu du Ansotegik. Orain, beraz, seinaleek bestelako itxura bat dutela dio alkateak; «aire freskoagoagaz». Atzo kendu zituzten, baina laster berriro ere jarriko dituztela jakinarazi du Ansotegik; «oraingoan, baina, jabari publikoko bideetatik kanpo; herriaren jabego diren errepideetan».
Aulestiko udaltzain Jose Luis Jaiok, bere aldetik dio, «herriaren aurkako eraso bat» dela aldundiak egindakoa. Era berean, nabarmendu du «lehengo seinaleen leku berean» jarri dituztela berriztutako seinaleak ere; hain zuzen ere, errepidetik 50 zentimetrotara.
Nabarnizko Udalak ere jaso du seinaleak kentzeko aldundiaren agindua, «ustez, errepidearen babesguneetan jarrita daudela argudiatuz». Hain zuzen, Fracking gabeko udalerria Nabarniz dioten seinaleak dira udalak herrian jarritakoak. Nabarnizko alkate Arantza Goikoleak aitortu duenez, udalak ez zion baimenik eskatu aldundiari seinale horiek jartzeko; «Udalbatzak aho batez onartu zuen Nabarniz fracking gabeko udalerri izendatzea, eta, horregaz batera, herriaren sarreretan hori adierazten zuten seinaleak jartzea onartu genuen», azaldu du.
Halaber, alkateak dioenez, herrian badira zirkulaziokoak ez diren beste hainbat seinale errepide ondoan, eta, horren inguruko abisurik, momentuz, behintzat, ez dutela jaso aitortu du.
Nabarnizen, lekualdatuta
Hala eta guztiz ere, aldundiaren aginduari jaramon eginez, seinaleak foru errepideetatik kendu eta lekuz aldatu egin dituzte, hala, orain, herri sarreran ikus daitezke seinaleok, aldundiak ezartzen dituen distantzia-baldintzak betez.