Santa Katalina baseliza konpontzeko lehenengo lanak egin ostean, zabalik izan da gaur mundakarrek Santa Katalina santuaren eguna ospatzeko. Izan ere, azaroaren 4an, tximista batek jota baselizako kanpandorrea apurtu zen.
Gotzaindegitik jakinarazi dutenez, hainbat izan ziren tximista harek sortutako kalteak: «kanpandorrea ia osorik suntsitu zen, horma horretako harriek, gainera, eraikinaren estalkia eta inguruak hondatu zituzten eta baselizarako eskaileretarako baranda metalikoa ere apurtu zen. Bestalde, tximistaren indarrarekin burdinezko kurutzea apurtuta agertu zen eta kanpaia lurrean aurkitu zuten, apurtuta». Lehenengo konponketa lanak egin dituzte jada eta kanpandorrea berreraiki dute eta kurutzea eta kanpaia dagoeneko bere lekuan kokatu dituztela azaldu dute Gotzaindegitik.
Hala, gaur, Santa Katalina santuaren egunean, baseliza eta haren inguruak erabili ahal izan dituzte ospakizunetarako. Hala ere, oraindik, konponketa lanak amaitu barik daudela adierazi du Felix Mari Iturriaga monumentu-ondarerako elizbarrutiko arduradunak, «tximistak baselizan eragindako kalte guztiak konponduko baitira». Lanok egiteko 34.773 euro behar izan dituztela azaldu dute.
Bestalde, tximistak kaltetutakoak konpontzeaz gain, laster, eraikinaren hobekuntzarako beste zenbait lan egingo dituztela jakinarazi dute. Besteak beste, baselizako eta sakristiako teilak eta erretenak aldatuko dituzte eta tximistak jo orduko apurtuta zegoen kanpaiaren uztarria ere konponduko dute. Horiek egiteko, 33.000 euro beharko dituzte eta parrokiak ordainduko ditu.
Bakailao txapelketako zenbait kazola. Argazkia: Mundakako Turismo Bulegoa
Txulalai kazola onena
Santa Katalina eguna gaur bada ere, zapatuan bakailao txapelketa egin zuten Mundakan. Hamahiru kazola aurkeztu ziren txapelketara eta bakailaorik onena
Txulalai kazolarena izan zen, epaimahaiaren arabera. Gaur, Santa Katalina ingurura eroan dute jai giroa, meza eta umeentzako jolasak izan dira besteren artean.