Urtero legez, mendi jardunaldiak antolatu ditu Gernika-Lumoko Goi-Zale mendi taldeak. Gaur izango da (azaroak 25) hitzaldietan lehena, eta Irani buruz ariko dira Asier Aranzabal eta Mila Gallastegi mendizaleak, Elai-Alai aretoan. 19:30ean hasiko den berbaldian Iran gertutik eta beste modu batera ezagutzeko aukera emango dute Zornotzan bizi diren eibartarrek, ikus-entzunezkoak lagunduta.
Eguenean, berriz, Andoni Rodelgo eta haren emazte Alice Goffart izango dira Elai-Alai aretoan, bizikleta gainean munduari emandako birari buruzko xehetasunak emateko. Berbaldi hori ere 19:30ean hasiko da.
Jardunaldiei amaiera emateko eta urte amaiera gertu dela baliatuta, batzar orokorra egingo du Goi-Zalek barikuan.