Antxon-Felix bikoteak irabazi du desanexio txapelketa, elite mailan
Zesta-puntako XVIII. Desanexio Txapelketako final guztiak «estuak eta interesgarriak» izan direla gaineratu du Roberto Lekuek. Mendibarren jendez gainezka egon da finalak ikustekoXVIII. Desanexio Txapelketa finalak «estuak» izan direla azaldu du Ro...
Zesta-puntako XVIII. Desanexio Txapelketako final guztiak «estuak eta interesgarriak» izan direla gaineratu du Roberto Lekuek. Mendibarren jendez gainezka egon da finalak ikusteko
XVIII. Desanexio Txapelketa finalak «estuak» izan direla azaldu du Roberto Lekue Berriatuko zesta-punta eskolako arduradunak. Elite mailan Antxon-Felix bikotea onena izan bada ere, kadete, gazte eta 22 urte azpiko finalak ere «ikusgarriak» izan direla azaldu du Lekuek.Domekan 17:00etan hasi ziren zesta-puntako XVIII. Desanexio Txapelketako finalak Berriatuko Mendibarren frontoian. «21:20 inguru bukatu ziren partida guztiak; zesta-puntako maratoi ederra izan genuen», gaineratu du Lekuek.
Maila guztietako partidak «oso-oso interesgarriak» izan ziren; «estuak eta emozioz betetako partiduak izan dira finalak». Elite mailan, esaterako, Antxon-Felix bikotea 30-28 emaitzagaz nagusitu zen Lekueren eta Arriolaren aurka jokatutako partidan. «Estu joan zen partida, eta ikusleek ere ondo baino hobeto pasatu zuten».
Beste mailetako emaitzak
Kadete mailan, bestalde, Goitia III.a eta Lekoixe Urko eta Urrutxuaren aurka aritu ziren. 24-25 emaitzagaz, Urko-Urrutxua bikotea izan zen nagusi.
Gazteetan Goixerri eta Segurola nagusitu ziren, Mandiolak eta Jonek osatutako bikoteari 30-29 irabazi eta gero.
22 urte azpikoetan, aldiz, Roke-Txomin eta Gaizka-Ibarluzea nor baino nor zestalari hobea izan aritu eta gero, Gaizkak eta Ibarluzeak irabazi zuten partida (28-30).
Orokorrean, frontoian «giro paregabea» egon zela nabarmendu du zesta eskolaren arduradunak. «Lau partidak oso onak izan ziren, ederrak, eta ikuslegoak ere ondo gozatu ahal izan zuen; frontoia bete-beta egon zen». IV. Luis Bilbao memoriala XVIII. Desanexio Txapelketa zelan joan den ikusita, zestalariekin harro dagoela gailendu du Lekuek.
Behin Desanexio Txapelketa amaituta, orain Bizkaiko Txapelketara begira daudela gaineratu du. «Sasoi honetan txapelketa guztiak batera gertatzen dira, eta orain Bizkaikoagaz jarraituko dugu. Atzetik etorriko da Gabonetako Txapelketa ere».